Urte desberdina izan da denontzat aurten… eta gogorra askorentzat. Osasun krisialditik abiatu eta maila guztietako krisiak inguratu gaitu: ekonomikoa, soziala, afektiboa… Eta krisialdi guztietan bezala, aberatsak gehiago aberastu dira eta besteok kable gainean dantzan egiten igaroko ditugu datozen hilabeteak.

Ekintzailetzak zerbait badu eraldatu eta egokitzapen konstantea da. Aro teknologikoan askoz gehiago, ezta? Eta hori izan da aurten ekintzaile eta enpresa txiki askori egokitu zaigun eginbehar garrantzitsuena.

Ziztuan ikusi ditugu ostalari asko etxez etxeko edo eramateko zerbitzuak eskaintzeko egokitzapenak egiten. Herri eta auzoetako betiko denda txiki askok online dendak zabaldu dituzte korrika eta presaka. Auzoko elikagai dendek telefonoa sutan izan dute eskaerak prestatzen… eta ziur naiz, datozen hilabeteetan ere egokitze horri heldu beharko diogula etengabe.

Pandemiak haurdun harrapatu ninduen ni, ekainean jaio zen gure txikia eta jaiotze dataren aurreko hiru hilabeteetan sekula baina hitzaldi gehiago nituen programaturik ondoren amatasun baimenean egongo nintzen denborarako “koltxoia” egin eta familia askorengana iritsi ahal izateko. Hitzaldi guzti horiek bertan behera geratu ziren. Hitzaldi gutxi batzuk online formatura igaro nituen baina “koltxoi” gabe geratu nintzen.

Egokitu edo desagertu

Zorionez aurrez ere online hitzaldiak eta aholkularitzak egiten ohituta nengoen, beraz alderdi teknikoak prest nituen. Une horretan, gehiengoak bezala, laguntza sareak eraikitzean eta haurdun zeuden emakumeei gertuko baliabideak sortzen zentratu nintzen. Eta oso gogorra eta intentsoa izan zen, baina argi ikusi nuen emakume ekintzaileon egokitzeko gaitasuna eta eskuzabaltasuna.

 

Egun gutxian arlo desberdinetako emakume profesional desberdin asko batu eta haurdun zeuden emakumeei egunero baliabideak bidaltzeko bidea eraiki genuen sarean musutruk, gutxi gorabehera 3 hilabetez.

Idazlea: Nahia Alkorta Elezgarai

Egokitu behar izan genuen guztiok. Pantailen lagun bihurtu eta diru sarrerak nola desagertzen ziren ikusi. Berrasmatu, birsortu.

Baina ziur nago are gehiago berreraiki behar izan dugula emakume ekintzaile eta ama garenok. Pandemiak agerian utzi duen beste krisi bat zaintzaren krisia da-eta.

Telelana eta zaintza, kontabilitatea eta zaintza, enpresa berrasmatzea eta zaintza. Bereziki emakumeengan erori da zama berriro.

Ekintzaile txikiok berrasmatzen asmatu dugun bezalaxe, jendarte bezala ere horretarako unea da. Tamalez, martxoan sortu ziren laguntza sareak, eskuzabaltasuna eta iluntzeetako txaloen oihartzuna urrun somatzen dira orain.

Eta jendartea, oinarri-oinarrian ekintzailetza eredu bat da… egokitu edo desagertzeko arriskuan gaude.

Egokitu edo desagertu