Azken hilabeteotan ugaritu egin dira Altxa burua taldeak herriz herri abiatu dituen zenbait egitasmo. Horien artean, Gurea erabil dezakezu kanpaina dago. Eta honek, ekintzaileei zuzenki ukitzen die herri horietan. Izan ere, haurrei mugikor propioa emateko adina ahalik eta gehien atzeratzeko kanpainaren barruan (16 urtera arte, esaterako), herriko eraikin publiko eta saltokietako telefonoak euren eskuragarri jartzean datza.
Altxa burua taldearen jatorria:
Azken urteetan ugaritu egin da DBHko lehen mailan haurrei mugikor propioa emateko joera. Eta kulturala bihurtu da gaia. Baina, jakina da, onurak baino, kalteak gehiago dituela adimendun gailu bat 11 urteko haurrengan egunero eskuragarri jartzeak. Ate asko irekitzen ditu eta guztiak ez dira seguruak. Gainera, gurasoak ere askotan ez dakizkite Interneteko tresna, arrisku eta aukeren berri. Eta ondorioz, haurrak bakarrik dabiltza nabigatzen sare zabalean. Menpekotasunen iturri da, eta egunean 3-5 ordu artean pasatzen dute batez beste gaztetxoek mugikorrean (sare sozialetan, jolasetan…).
Ekintzaileak zer eskain dezake?
Ekintzaileentzat aukera ederra da kanpaina honetara atxikitzea. Horrela, zaintza komunitarioaren parte bilakatzen baitira. Haurrek ez dituzte behar asko izaten telefonoz komunikatzeko kalean daudenean, baina, egia da, dagoeneko ez direla ikusten herrietan kabinak ere. Beraz, larrialdi egoera baten aurrean edota beharrezko suertatzen zaien momentu batean, eraikin publikoaren harrerara ala denda, taberna, kafetegi ala langunera hurbiltzeko aukera eskainiko zaie haur hauei. Gainera, inguruko haurrak eta negozioak martxan dituzten pertsonak elkar ezagutzeko oso baliagarria da keinu hau, ezagutza baita elkar zaintzarako lehen urratsa.
Hau horrela, zuen herrietan Altxa burua taldeak egitasmo honen berri ematen badizue, bertara atxikitzera gonbidatzen zaituztegu!