Gure eguneroko lan eta harremanetan bultzatzen ditugu bai berdintasuna eta baita euskara ere. Zuretzat ere garrantzitsuak dira edo beste lehentasun batzuk dituzu eguneroko lana kudeatzeko unean?

Berdintasuna bultzatzea garrantzitsua da guretzat. Ekion sortu genuenean, ardatzetako bat berdintasuna izan zen. Bi emakume izanik eta egunerokoan horregatik topatu izan ditugun eta topatzen ditugun oztopoen ondorioz, argi izan genuen hasieratik emakumeei lekua egin nahi geniela Ekion proiektuan. Emakume ekintzaile ugari gara Euskal Herrian, baina… ekintzaile edo autonomo hitza entzuten dugunean zein da burura etortzen zaigun irudia? Gehienoi, ziurrenik gizonezko bat datorkigu. Hori horrela dela jakinik, iruditegi pertsonal eta kolektibo hori osatzeko asmoz eta gure txikitasunetik betiere, emakume ekintzaileak ezagutarazteko helburua izan dugu.

Zuretzat zenbateko garrantzia du berdintasunak? Bizitza pertsonalean? Lanean? Berdintasunean bizi garela uste duzu? Gure ustez, eremu askotan aurrerapen nabariak ematen ari diren arren berdintasunaren alde, asko dugu oraindik egiteke. Hori horrela izanik, baliabideak sortzea, emakumeak ikusaraztea, ditugun oztopoen berri ematea, bizi dugun indarkeria ikusaraztea, etab. ezinbestekoa da. Gizonen berri izan dugu eta badugu, emakumeen berri izatea falta zaigu errealitatearen ikuspegi osoa izateko.

Berdintasunean eta euskaraz

Guk jarraituko dugu gure aletxoa lantzen, txoko txiki honetatik emakumeak ikusarazi eta beren proietuak zabalduz. Eta zabalpen hori euskaraz egingo dugu, euskaraz bizi eta lan egiten dugulako. Guretzat bai berdintasuna bultzatzeak eta baita euskaraz lan egiteak ere garrantzi handia dute. Euskara da bezeroekin, hornitzaileekin eta gure artean komunikatzeko erabiltzen dugun hizkuntza eta bultzatzea eta bere lekua ematea beharrezkoa iruditzen zaigu, baldin eta euskaraz bizitzen jarraitu nahi badugu. Horretarako, lehen hitza edota emaila euskaraz idaztea, webgunea eta sare sozialak euskaraz (ere) izatea, etab. eman beharreko pausoak direla uste dugu.

Zure hizkuntza irizpideak zeintzuk dira eguneroko lanean? Sektore eta lan motaren arabera, egoera bera aldatzen da, beraz, gogoz irakurriko ditugu zure irizpide eta iritziak.

Zuetako batzuentzat, beharbada, euskara bultzatzeak ez du hainbesteko garrantzirik edo lekurik eguneroko lanean; edota berdintasunaren aldeko ekintzak egiteko aukerarik ez zaizue bururatzen edo ez duzue horretarako aukerarik… Denon egoerak ulertzea garrantzitsua da, elkarri ideiak eman eta egoerak aldatzen joateko.

Zeintzuk dira lan egiteko ardatz nagusiak zure kasuan?

Berdintasuna eta euskara uztartuz ekintzailetzan
Tagged on: