Produktu edo zerbitzu nagusi batekin abiatzea da ematen den lehen urratsa, gehien dakigun horrekin, edota gure gaitasunak eta merkatuaren aukerak aztertu ondoren bideragarrien  ikusten dugunarekin. Baina, esan bezala, hori abiapuntua da. Izan ere, ekintzailearen bizitzan garapen pertsonalak garrantzia handia du, eta honekin batera, garapen profesionala dator estuki lotuta. Goazen dibertsifikazioa zer den eta nola txerta genezaken ikustera!

Noiz eta zergatik eman, ordea, urratsak dibertsifikazioa sendoa eta eraginkorra izan dadin?

Estatistiken arabera, ekiten den proiektu batek heldutasuna lortzeko 3-5 urte behar izaten ditu. Bide hori, badakigu, ez dela bat ere erraza. Baina, baditugu tresnak zertxo bait samurtzeko: estrategiak pentsatzea eta aurrera eramatea, ideia berriak etengabe pentsatzea, produktu edo zerbitzua hobetuko duten faktoreak aztertzea… eta produku edo zerbitzu osagarriak aztertzea.

Abiatzen dugun lehen urtean, normalean, nahiko lan izaten dugu eguneroko martxa ikasten, bezero eta hornitzaileekiko harremana finkatzen, komunikazioa zertxo bait lantzen, etab. Beraz, hori guztia egiten badugu, arro senti gaitezke geure buruez ; )

Bigarren urtean, egunerokoa sendotzeko modua dugu, komunikazioan arreta gehiago jartzeko denbora eta gogoa eta, garai polita izan daiteke dibertsifikaziorako estrategian hausnartzeko. Hau da, oraindik ere pauso berriak emateko goiz bada ere, dagoeneko merkatua eta bezeroak ezagutzeko beta izan dugu. Hauen azterketa labur batekin, bide berriak irekiko dizkigun zerbitzu edo produktu osagarrietan pentsa genezake.

Osagarriak dira lehendik nagusia den produktu edo zerbitzuarekin zerikusia dutenak, baina, aldaera bat suposatzen dutenak (oinetako denda batean, adibidez, galtzerdiak, aterkiak, etab. saltzea).

Dibertsifikazioa ekion

Zertan lagunduko digute produktu edo zerbitzu osagarriek?

  • Bezero mota ezberdinengana iristen lagunduko digutenak: adin tarteak, herri edo lurraldeak, etab.
  • Galtzeko arriskua produktu edo zerbitzu gehiagoren artean banatzen lagunduko digutenak: arrautza guztiak saski berean ez edukitzeko.

Horrez gain, produktu edo zerbitzu osagarri horien bitartez, baliteke, gure ekinbideari norabide berri bat topatzea, eta, aukeran, bide berri horretatik (printzipioz nagusia izango ez denez) gure plazerezko bidea izatea eslei geniezaioke. Hau da, produktu edo zerbitzu nagusia daukagu, zeinak, errentagarritasuna bermatuko digun. Baina, bigarren ildo bat ireki genezake, lotura duena aurrekoarekin, eta era berean, gure ongizatea eta gozamena areagotuko dituena.

Gure buruak zaintzeko ba al dago modu hoberik lanean gozatzea baino?

 

Dibertsifikazioa: zerbitzu edo produktu gehigarriak