Badirudi hitz batzuk elkarrekin ezin direla esaldi berean jarri; ekintzaile autonomoa eta kontziliazioa dira adibidez bi hitz, bi kontzeptu, bi egitate.

Baina, gaurko postean kontziliatu litekeela azaldu nahi dugu, ekintzaile autonomo izanik ere.

Zein baliabide ditugu gure eskura?

Baliabide ekonomikoak ez dira hain ugariak tamalez alor honetan ekintzaile autonomo batentzat. Izan ere, askotan, beste pertsona bat lanaldi erdiz kontratzeko obligazioa sortzen da gure lanaldia murriztearen trukean. Baina, badakigu, guk egiten ditugun lanak ezin dituela edonork egin eta gutxiago egun batetik bestera, transmisiorako denbora eta dedikazio dexente beharko genuke gure ordezkoak gure lana egoki betetzeko.

Baina, ordezko bat topatuta ere, jakin behar da, ez dela askotan langile huts bat izango, baizik eta, negozioaren muina eramango duela, eta ardura handiak uzten zaizkiola.

Errealitate ekonomikoak ez digunez gehiegi laguntzen, gure aholkua malgutasuna lantzea da.

Malgutasuna ordutegietan eta malgutasuna urgentzian. Hau da, kontziente izanik ekintzaile autonomo bakarraren profila oso ugaria dela gure artean, edota bi pertsonako elkarketak; bizitza pertsonala eta laborala kontziliatzeko ordutegietan malgutasuna ezar dezakegu:

  • Goizean lanean sartzeko ordutegi ezberdina
  • Eguerdian bazkaltzeko etena kendu eta arratsaldean goizago ateratzea
  • Lanaldi jarraia planteatzea: goizez ala arratsaldez lana eginez

Beste aukera bat, telelanarena da. Modu honetan, desplazamenduak ekidin daitezke, eta denbora hori kontziliazio pertsonalerako eskaini. Baina, kontziente gara telelana ez dela posible lanbide batzuetan: ile apaindegiak, dendak, etab.

Malgutasunari lotuta, beste aukera bat da, urgentziak ere malgutasunez kudeatzea. Edonork eduki dezake bizitzan bolada bat beste pertsona bat zaindu behar duena (adin txikikoa edota adinez nagusia), eta beraz, geroz eta gehiago ulertzen da behar hori asetzeko beste modu batera lan egitea. Laneko gai guztiak ez dira presazkoak, eta hori kudeatzen ikastean ere badatza gakoak. Gure gain dago gai honi ematen diogun garrantzia: eskaerak ongi kudeatuz gero (beren errentagarritasuna neurtuz eta jakinez egunean zenbat erantzun beharko genituzkeen, edota astean), egunak eta asteak horren arabera antola daitezke.

Adibide modura esan dezakegu, amatasun baja batean egonik, posible dela egunen malgutasunez aritzea (lanaldi erdiko baja hartuta, posible da bi egunetan ez joatea lanera eta hirutan bai; tartekatuz), eta behin baja denbora amaitzean, pixkanaka joan daiteke egokitzen jardunaldira (ordutegi malgutasuna

Gure aholkua da, lanean zaudenean ahalik eta gehien kontzentratzea eta eraginkor izatea. Baina, aisialdian edota bizitza pertsonalaren kontziliazio lanetan zaudenean, horretara egotea; lana ahal dela ahaztuz. Bete zaitzala batak eta besteak, eta espero dugu zure oreka topatzea!

Ekintzaile autonomoa eta kontziliazioa