Ekintzailetza prozesu bat da eta horrela ulertu behar dugula uste dugu. Bizi garen jendarteak ez digu prozesuak ulertzen uzten, dena bat batekoa izan behar baita.
Ekintzailetza, aldiz, prozesu luzea da, lan asko egin behar da emaitza txikiena ere lortzeko eta nekagarria ere bada. Baina, gure proiektuan sinesten badugu, aurrera egingo dugu, pausoz pauso.
Askotan dena alde batera uzteko gogoa izango duzu, zalantzan jarriko duzu nahi duzuna hori den edo nahiago duzun enpresaren batean lanean egon, hilabete amaieraz kezkatu gabe, etab. baina benetan ilusioz ari bazara zure lana aurrera eramaten, ideia horiek aldentzen joango dira.
Ekintzailetza prozesu errazagoen bila?
Ekintzailetza prozesu bat bezala ikusi eta ulertzeak lagunduko dizu bide honetan. Jendarte kapitalista honek dena momentuan izatera ohitu gaitu, hizkuntzak bi astetan ikasteko ereduen publizitatea irakur dezakegu, munduaren bestaldean egindako mugikorra bihar hel daiteke etxera, telesailetako denboraldi osoak ikus ditzakegu itxaron behar izan gabe… Pixka bat pentsatzen badugu, arlo guztietan asko aldatu da bizitza azken urtetan, bat batekotasun horri dagokionez. Hori dela eta, denboraren kontzeptua bera ere aldatzen joan gara. Berehala lortzen ez duguna, ez dugu nahi. Esfortzua suposatzen duena baztertu egiten dugu, alternatiba errazagoengatik.
Baina, ekintzailetzak ez du alternatiba errazagorik. Gure proiektua osatzen joango gara, bezeroekin harremana egin eta lantzen, lan berriak lortzen… eta ibilbide hori ez da lineala, zirkularra izango da batzuetan, gora beheratsua gehienetan. Hori dela eta, pazientziaz eta ilusioz eutsi behar diogu ekintzailetza prozesuari eta perspektiba izan momentu zail horietan. Pentsatu duela aste/hilabete batzuk nola zinen eta baloratu denbora horretan aurreratu duzuna. Ziur gauza pila ikasi dituzula, hanka sartu ere egin duzula, baina, putzutik burua ere atera duzula; beraz, segi aurrera, baloratu lortutako pauso bakoitza eta ikasi gaizki egindakoaz. Alternatiba bakarra aurrera begiratzea da, oraina gozatuz eta etorkizuna gogoz antolatuz; bai zure barne prozesuak ulertuz eta baita proiektuarenak ere.
Ekintzailetza bizi prozesu bat da eta azken urtetan ohituta ez gauden luze horietakoa, gainera. Beraz, momentu onak merezi duten bezala ospatzera gonbidatzen zaitugu eta une txarrez ikastera, ziur etorkizunean eskertuko duzula-eta hanka sartze hori. Gauzak motel eta behar duten denborarekin egiteaz goza ezazu, azkartasuna beti ez baita adiskide onena.