Ekintzailetasunaren bide honetan badirudi ekiteko modu bakarra dagoela: eredu maskulino-kapitalista. Baina, norberak egokien doakion eredua aukeratu behar du eta lanerako orduan irizpide propioak sortu. Horretarako lagungarria den dekalogo feminista zertan oinarritzen dugu irakurri ahal izango duzu.

Ekiteko orduan erabaki ugari hartu behar dira, aurreko postetan ikusi ahal izan duzun bezala. Askotan kosta egiten zaigu gure lanari balorea ematea, gure proiektua zabaltzeko gastatu behar dugun zenbatekoa zehaztea, nola zabalduko garen zehaztea, etab.

Ez da lan erraza eta ez duzu egun batetik bestera dena erabakiko. Hori kontuan izanda, garrantzitsua da erabakiak hartzea. Hau da, proiektua martxan jartzea erabakitzen duzunerako, bideragarritasun plana eginda izatea, canvasa, suposatuko dizun inbertsioa, etab. eginda izan beharko dituzu. Erabaki hauek guztiak gutxi balira bezala, zure ekiteko eredua ere erabaki beharko duzu.

Zure bizitza ekintzailetasunagatik salduko duzu? 24 ordu 7 egunetan lanean ariko zara? Edota, ahal duzun neurrian zure burua erdigunean jarriko duzu deskonexio momentuak ere hartuz, lan orduak zehaztuz, osasun fisiko emozional eta fisikoa zainduz? Ekiteko modu bakarra al dago? Telebista, irrati eta pelikuletan ikusten ditugun ekintzaileen eredua nahi al dugu guk guretzat? Noski ezetz. Ez da erraza, baina posible da gure egoerara egokituko den eredua sortzea, jadanik existitzen direnetatik baliagarriak zaizkigun irizpideak gure eginez.

Guk hasieratik erabaki genuen ahal genuen guztia egingo genuela ekintzailetasun eredu maskulino-kapitalistatik aldendu eta eredu feminista bat sortzeko. Eredurik ez genuen gertu une horretan eta gure modura hasi ginen gure eredua eraikitzen.

Dekalogo feminista:

Dekalogo feminista bat ere badugu, ea zer deritzozun. Zuk zer gehitu/kenduko zenioke zureganatzeko?

  1. Beste emakume kideen jakituria baloratzen dugu eta emakumeen arteko elkarlana bultzatzen dugu.
  2. Gainontzekoen lanak zabaltzen ditugu.
  3. Beste emakume ekintzaileen lanetatik asko ikasten dugu, ez dugu euren aurka konpetitzen.
  4. Ez ditugu beste emakumeen lanak kopiatzen.
  5. Gure eguneroko lanean erdigunean jartzen dugu gure burua zaintzea: norberaren emozioak eta egoera pertsonalak errespetatuz.
  6. Gure kanpo eta barne lan guztietan genero ikuspegia txertatzen dugu hitz eta iruditegian.
  7. Ezagutzeko eta ikasten jarraitzeko gogoz gaude beti.
  8. Feminismoa dugu oinarri.
  9. Gure eguneroko lanaren helburua jendartearen sentsibilizazioa da, jendarte parekideago eta anitzago bat lortu ahal izateko denon artean.
  10. Hilekoaren zikloak kontuan izaten ditugu lanean gaudenean, gure buruak errespetatuz erru sentsazioak kanporatzeko.
Ekiteko modu desberdinak daudelako… dekalogo feminista