EmariApp ezaguna duzue? Jolastu al duzue inoiz?

EmariApp mugikor eta tabletetara deskarga daitekeen emakume erreferenteen inguruko euskarazko doako jolasa da.

Gaur egungo eta iraganeko emakumeak bildu ditugu, herrialde eta arlo desberdinetakoak, jolas honen bidez asmatu ahal izango direnak. Jolasaren helburu nagusia emakume gehiagoren berri izatea da, ezagunak egiten zaizkigun gutxi horietatik haratago ere, emakumeen lorpen eta aportazioen berri jakitea, euskaraz eta egunerokoan. Gizonek egiten dutena ikasi dugun bezala, emakumeek egindakoa eta urte luzez isildua, zapaldua eta desagertua izan dena ikastea. Era horretan, errealitatearen ikuspegi erreala izango dugu, ez gizonezkoena (androzentrikoa) soilik.

Sistema desberdinetarako prest

IOS eta Android mugikor eta tabletetan deskarga daiteke aplikazioa eta norberaren partidak ikusteaz gain, sailkapen orokorra ere badu eta baita taldeak sortzeko aukera ere. Lagunekin, gelakideekin, lankideekin eta familiakoekin taldeak sortu eta elkar xaxatzeko jolas egokia da.

Hizkuntzari dagokionez, euskara zuzenean idatzita badago ere, ulergarriak eta laburrak dira asmatu beharreko pistak. Euskaldun guztientzat gozagarri izatea nahi dugu, beraz, euskara ikasten ari direnak ere jolastera animatzen ditugu!

Jolasaren nondik norakoak

Astean bost emakumerekin lotutako partidak egiteko aukera izango duzu. Emakume bakoitza asmatzeko 5 pista daude eta minutu eta erdiko denbora. Astelehenetik ostiralera bitartean, egun bakoitzeko emakume baten partida egiteko aukera dago, baina, egunean ez eramanda ere, aste osoa ematen da bost emakumeen partidak jokatzeko. Hau da, astelehenetik ostiralera, egunero partida bat egin beharrean, ostiralean bostak egin nahi badira, edo asteburuan, horretarako aukera ematen du jolasak.

Sailkapena hilabetekoa denez, astean zehar egin ez diren partidak, datozen astetan egiteko aukera dago, baina, puntuazio gutxiago ematen zaie aurreko astetako partidei.

Helburua ez da egunerokoan estreserako aitzakia bat gehiago izatea, jolastuz ikasi eta ondo pasatzea baizik. Hau da, norberak nahiago duen moduan antolatuta emakumeen berri izatea da lortu nahi duguna.

Ibilbidea

Jolasaren ideia duela urte batzuk Kalaka Kooperatiba Elkarte Txikian abiatu genuen ibilbidearen azken emaitza da. 2017an Emariak liburua autoekoitzi eta argitaratu genuen. Bertan emakume erreferente indibidual eta kolektiboak bildu genituen, euskaraz. Gerora, Emariak karta-jokoa autoekoitzi genuen, helburu berarekin: emakumeen berri zabaltzea. Bi euskarri horiek izan zuten arrakastak ikusarazi zigun euskaraz hezkidetza bai eskoletan eta baita etxeetan lantzeko baliabideak behar zirela.

Hori horrela izanik, oraingoan Internetera saltoa eman dugu eta mugikorretarako aplikazio bat egitea otu zitzaigun. Aplikazioa sortu ahal izateko garatzaile informatiko batzuekin elkarlanean aritu gara eta proiektua bideragarria izan dadin Emakunde, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia izan ditugu sorrera honetan babesle nagusiak.

Aplikazioaz haratago

Aplikazioaz haratago, baina, aplikaziotik abiatuta, familian edota eskolan gai desberdinak lantzeko aukera eskaintzen digu jolasak. Esan bezala, arlo desberdinetako emakumeak asmatu beharko dira jolasean (kirolariak, artistak, asmatzaileak, ingeniariak, euskaltzainak, biologoak, irakasleak, bertsolariak, etab.), herrialde desberdinetakoak eta baita garai desberdinetakoak ere.

Horrek bide eman dezake arlo desberdin horietan emakumeak ezagutzen ditugun edo ez hausnartzeko, ezagutzen ez baditugu zergatik izan litekeen pentsatzeko, eskolako lanen bat ere bideratu daiteke eskolan emakume horiek ezagutarazteko, etab. Familian ere gauza bera egin liteke haur eta helduekin.

Hau da, gaur, adibidez, EmariApp-en Elizabeth Magie asmatzea egokitu bazaigu, The Landlord’s Game –Monopoly- ren aitzindaria- sortu zuen emakumea, joko asmatzaileez hitz egin genezake eskolan (edo lagunartean, familian). Zenbat emakume ezagutzen ditugu joko asmatzaileen artean? Monopoly-aren aitzindaria nor zen bagenekien? Hausnarketarako bide ematen du jolasak, arlo ugari landu daitezkeelako eta bide batez, emakume ezezagunak ezagun egiteko modua eskaintzen duelako oso modu errazean, doan eta eskura dugun mugikorra erabiliz. Mugikorrean bertan bila genitzake emakume horien biografiak, lorpenak, arlo horietan izan dituzten edo egun dituzten oztopoak emakume izanagatik, etab. Horrela, emakume gehiago joango gara batzen gure iruditegi pertsonal eta kolektibora.

Horretaz gain, aplikazioko Informazioa atalean, emakumeak proposatzeko aukera eskaintzen da. Hori horrela izanik, eskolan edo etxean gaiaren inguruan hausnartu eta emakume erreferenteren baten bizipen eta lorpenak biltzea ariketa interesgarria izan liteke, eta bide batez, emakume hori proposatu, guk aplikazioan gehitu dezagun. Herri edo hiriko emakumeak izan daitezke, hain ezagunak ez direnak beharbada, baina, garrantzitsuak izan direnak arlo edota garai zehatz batean. Azken finean, emakume erreferenteak falta zaizkigu eta denak ditugu beharrezkoak gure iruditegia osatzeko: nazioartekoak, bertakoak, etab.

Animatzen al zara jolasaren bidez haratago joaten? Noizean behin bada ere, hausnarketa bultzatzen ingurukoengan?

Instagram-en ere badu profila EmariAppek. Bertan lehiaketen, sarien eta bestelako berrien inguruko informazioa argitaratzen joango gara, beraz, adi egon esku-artean ditugun sorpresei!

EmariApp, ekintzaileen txokoa
Tagged on: