Erresilientzia azken urtetan maiz entzun dugun hitza da, baina, ba al dakigu zer esan nahi duen?
Erresilientzia hitzak arazo, ezbehar eta trauma psikologikoei pertsonek aurre egiteko duten ahalmenari egiten dio erreferentzia. Jendartean, arrisku-egoerak edo esperientzia larriak eta traumatikoak jasaten dituzten pertsona askok, gaixotasunak pairatzen dituzte. Horietako batzuk egoera gainditzen dute eta askotan indartuak ateratzen dira esperientzia horietatik. Baina, zorigaitzeko faktore horien aurrean, zergatik ez dira pertsona guztiak gaixotzen haien egoerak parekoak izanik?
Egindako ikerketetan oinarrituta, hori argitzen duen kontzeptu bat garatu da: erresilientzia, ezbeharrei aurre egitea lortzen duten pertsonen ezaugarriak biltzen dituena. Kontzeptu horretatik abiatuta, gaur egun, erresilientzia ezinbesteko trebetasuna da nork bere bizitza-proiektua eraikitzeko bidean. Horren arrazoiak dira, besteak beste, erresilientzia bizirauteko ezaugarritzat jotzen dela; bizitza osasuntsu bat garatzeko aukerak handitzen dituela; etorkizunean, erresilientzia lantzeak gaixotasun psikiko gutxiago egotea bermatzen duela; errendimendu akademikoan laguntzen duela; eta, azkenik, pertsonaren auto-estimua, autonomia edo eta harremanak hobetzen dituela.
Iraganean, pentsatzen zen faktore intrapertsonala zela, alegia, genetikoki transmititzen zela. Hori dela eta, ez zen erresilientziaren garapena sustatzen. Gaur egun, ordea, nahiz eta genetikaren garrantzia hor egon, jakin badakigu, erresilientzia landu daitekeela, izan ere, giza erresilientzia, atributu natural eta unibertsala baita, osagai biologiko, psikologiko eta sozialez osatutakoa.
Erresilientzia hitza psikologiak ingeniaritzatik hartuta dago. Izan ere, materialen ezaugarrietako bat definitzeko erabiltzen da: itxuraldatu dien presioa kendutakoan, erresilientziari esker gorputz batzuek aurreko forma hartzen dute. Bada, kontzeptu horren ideia psikologiak hartu du egoera zailak jasan dituzten pertsonak irauteko, gainditzeko edo indarberrituta ateratzeko gai direnean.
Erresilientzia erakusten duten pertsonek zailtasunen aurrean jarrera positiboa eta euren buruaren osotasuna babesteko ahalmena erakusten dute. Frustrazio edo zailtasun egoeren aurrean ahalmen hori erakusten ez duten pertsonek zailtasun handiak izaten dituzte eta egoera luzatzen bada, osasun arazo larriak (fisiko nahiz mentalak) izan ditzakete. Kontuan izanik ekintzaileok geure buruak ondo zaindu behar ditugula, gure proiektuaren osasuna baita gurea; erresilienteak izatea garrantzitsua da.
Zeintzuk dira erresilientzia lantzeko gakoak?
- Pentsamendu positiboa
- Autoestimua
- Harreman afektiboak
- Autokontrola
- Bizitzari ematen zaion zentzu subjektiboa