Emakumeok orokorrean, errudun sentitzeko aukera asko izaten ditugu bizitzan zehar. Ekintzaile izateagatik ere errudun sentitu behar al gara?

Ekintzaile izatea erabakitzen dugun unean inguruan ditugunen iruzkinak tankera honetakoak izan ohi dira: “ze ausarta zaren!”; “nik ezingo nuke hori egin: hilabetero izango dudan soldata zein den ez jakitea oso gaizki eramango nuke” -ekintzaileok ere ez pentsa ondo daramagunik hori, guretzat ere zaila da ziurgabetasuna kudeatzen ikastea-; “eskubide askoz gutxiago dituzue, ez da betirako zure ideia izango autonomoa izatea, ezta?”.

Erru sentsazioa

Horietako batzuk ekintzaileei orokorrean aipatzen dizkigute, baina, ekintzaile izateaz gain, emakume bagara, beste hainbat galdera eta iruzkin entzun behar izaten ditugu: “eta haurdun geratzen bazara, nola egingo duzu?”; “semea/alaba nork zaintzen du orain?”. Errua gurea balitz bezala, bizitza eta lana ulertzeko era bakarra egongo balitz bezala. Ekintzaile izatea gogorra da, bai, eskubide askoz gutxiago ditugu, bai; hilabete amaieran ez dakigu gure ordain saria zenbatekoa izango den (hasieran gehienbat edo gure proiektuak beherakada momentua baldin badu edozein arrazoi dela medio); bai, haurdun geratuz gero malabarak egin behar ditugu enpresak aurrera egin dezan eta mundura ekarri dugun haurra zaintzeko (bikotea izanez gero, ez ahaztu ardura partekatu BEHAR dela ;)); haurra nork zainduko duen zergatik galdetzen digute emakume ekintzaileoi eta gizonezkoak, aldiz, zoriondu egiten ditugu hain ausart izateagatik? Norbaitek galdetu al dio noizbait aita den ekintzaileren bati bere haurrak nork zainduko dituen berak enpresa bat sortzea erabaki badu?

Zoru itsaskorra

Galdera horiek guztiak eta egunerokoan entzun behar izaten ditugun beste askok erru sentsazioa areagotzen dute. Zoru itsaskorra deitzen zaion esamoldeak azaltzen du emakumeok bizi dugun egoera hau:

Zoru itsaskorra (suelo pegajoso): emakumeei berezkotzat esleitu izan zaizkien zaintza lanei egiten die erreferentzia. Patriarkatuarentzat bere “espazio naturala” den horretatik ateratzea oztopo bat da beren ibilbide profesionalerako. Bikotekidearen, familiaren eta jendarteak eragindako presioak emakumeei zaintzen arduradun nagusiak direla sinestarazten diete. Erru sentsazioak eta jardunaldi bikoitzek sustapen profesionala oztopatzen dute, enpresako mundu maskulinoa nola egituratuta dagoen kontuan hartzen badugu.

Esamolde hau emakumeentzat hain zaila den (lehen aipatu bezala, barne eta kanpo presioen ondorioz, erru sentsazioaren ondorioz, etab.) kanpo eta etxeko lanen orekarekin lotuta dago.

Zaila da erru sentsazioa gainetik kentzea, ez dugu egun batetik bestera lortuko. Baina, bizitzen duguna izendatzen badugu, existitzen delako da, bakarrak ez garelako. Zoru itsaskorra esamoldea erabiltzean, sentsazio hori batek baino gehiagok sentitzen dutelako da. Beraz, parteka ditzagun gure emozio eta sentsazioak gainontzeko emakume, ekintzaile, etab.ekin, ziur erru sentsazioa gutxitzen laguntzen digula. Izena duena, bada; beraz, sentitzen dugunari izena jartzea ezinbestekoa da.

Ausartak izateaz gain, lan egiteko modu desberdinak asmatzera behartuta gaude baldin eta merezi duten bizitzak bizi nahi baditugu. Hain barneratuta dugun ekintzailetasun eredu maskulinoarekin hautsi eta bestelako lan ereduak sortu behar ditugu. Eredu berri hauek jada martxan daude, ari gara leku desberdinetatik lan egiteko modu desberdinak sortzen. Gure ordutegiak moldatu, bizitza bizitzeko aukera izan eta erru sentsazioa gainetik kentzeko aukera emango diguten lan ereduak bultzatzen ari gara. 

Errudun sentitu behar al gara?