Inguruan ditugun ekintzaileei kolaboratzeko eskaria luzatu diegunean, prest egon dira beren egunerokoaz Ekionen hitz egiteko. Era honetan gure ikuspegiaz gain, beste lan eremu, egoera eta herrietako ekintzaileen hausnarketen berri izango dugu hemendik aurrera. Gaurkoan Aran Erasun Urtzelaietaren kolaborazioarekin ikasi eta hausnartzeko aukera izango dugu, mila esker!

Matrailak estu, sabelaldeko mina, eta ahoa lehor. Eta trumoiak bailiran, buruan iritzi mugatzaile danbadak: “barre egingo dit”, “ez nau kontuan hartuko”, “ez zaio nire proposamena gustatuko”, “txikia naiz”, “txorakeriak dira”… Zenbatetan egon ote zara egoera honetan zeure egitasmoa abian jartzeko erabakia hartu zenuenetik? Zenbatetan gerarazi zaitu sentipen honek, telefonoa hartu edota harreman bilkura batera joan aurretik? Ekintzailetza prozesuan erronka dugu emakumeok bideak berak eskatzen digun komunikazio jarduerari aurre egitea.

Zer gertatzen da geure egitasmoa, negozioa, zerbitzua ala produktua aurkeztu behar dugunean? Zer gertatzen da eskaintzen duguna azaltzea (bilkura txiki zein zabalagoetan) ezinbestekoa denean? Geurera (dela erosle, bezero, laguntzaile ala inspiratzaile gisa) erakarri nahi dugun horren aurrean guk eman edo eskaintzen duguna adierazten dugula, bai. Baina jendaurrean ari garenean, guk egiten dugun horretaz, beste gauza asko ere gertatzen dira.

Geure buruak baloratzen

Gertatzen da geure burua agerian jartzen dugula, lehen mailan jarri eta erakusgai garela. Ez soilik gure produktua, gure zerbitzua. Baita gu ere. Gure balioak, gure gaitasunak, gure ezagutzak, gure ahalmenak. “Nik ahal dut” adierazten dugula besteen aurrean.

Gertatzen da geure burua “saldu” behar dugula, gu geu garela besteak hartzea, erostea, kontratatzea, laguntzea nahi dugun hori. Eta balio, argudio, azalpen bakoitzak geurekin zerikusia duela.

Gertatzen da balizko ezezko bati aurrez aurre begira jartzen garela. Zaurgarritasunari leku egiten diogula, errefuxatuak izateari bidea zabaltzen diogula.

Baina zer da errefuxa daitekeena, gu ala geure produktu/zerbitzua? Jakin badakigu bigarrena dela, baina… gorputzak eta buruan ditugun pentsamendu danbateko horiek zer diote? Eta halako elkarrizketa, aurkezpen edo azalpen bakoitzean bizi dugun hori guztia ikasketa eta garapenerako bide izan dadin atea zabaltzen badugu?

Jendaurrean hitz egiten dugun bitartean ikas dezakegu geure buruari balioa eskaintzen. Egin dezakegunari, badakigunari, berezi egiten gaituen horri hitza eta lekua jartzen. Ateratzea kosta egiten zaigun horri hegoak ematen. Aitortzari lekua eskaintzen.

Ikas dezakegu konfiantza gorpuzten. Ekintza bakoitzak, hitz eta adierazpen bakoitzak, geure “ezin dut” horiek “ahal dut” bilakatzen baititu ekitearen bidez. Geure lurra zaintzen eta zabaltzen.

Ikas dezakegu beldurrekin ibiltzen, geure bidai lagun egin baina erdigunetik kentzen. Sumatzen dugun horri arreta jartzen, esaten eta erakusten diguna entzuten, eta hortik hobetzeko eta aldatzeko moduak topatzen. Entzutearekin dantzatzen.

Eta ikas dezakegu, bereziki, geure lekua hartzen eta jartzen, geure lan eta bizitzarako ahalmena hedatzen, “ahal dut” horren lurraldea zabalago egiten… geure ametsak elikatu eta biziarazteko.

Esateak balio duena