Euskara plana al duzue? Euskaraz lan egin eta zerbitzua ere euskaraz eskaintzeari garrantzia ematen al diozue?
Euskara plan bat izatea da zuen proiektuaren helburua hizkuntzaren erabileraren aldetik? Edo, hortik haratago, euskaraz lan egiteko aukera eta zerbitzua ere euskaraz eskaintzeko moduak landu nahi dituzue egunerokoan?
Elebiduna den ingurune batean bizi gara eta euskaraz ekitea erabakitzen dugunok hautu pertsonal bat egiten dugu hasieratik. Baina, askotan ez da bide erraza izaten eta eskura ditugun baliabideen berri izatea lagungarria da. Enpresaren tamainaren arabera, gure ahalmenetatik at gera daiteke hizkuntzaren erabileraren gaia. Hau da, enpresa txikia izatetik, handiagoa izatera pasatzen bagara, zailagoa da euskararen erabilera bermatzea langileen artean.
Euskara plana edo dekalogo baten beharra
Gure enpresaren filosofia eta ikuspegiarekin bat egiten badu lana eta zerbitzua euskaraz eskaintzeak, langile berriak kontratatzerako orduan, elkarrizketetako irizpide nagusietako bat izan beharko da elkarrizketatuari bere euskara mailaren inguruko galderak egitea; edota ordenagailuak erabiltzen badira lanerako, ordenagailuen ezarpenetan euskara aukeratzea lehen hizkuntza moduan; jendaurreko arreta badugu, lehen hitza euskaraz egitea laneko filosofia moduan, etab. Euskaraz lanean aritu eta zerbitzua ere hala eskaintzeko modu ugari daude, baina, beste hainbat gauzekin gertatu ohi den moduan, idatzita egotea garrantzitsua da. Bestela, lankide bakoitzak bere irizpideak izan ditzake eta enpresaren filosofiaz urruntzen joan daiteke, distortsionatzen, pixkanaka. Dokumentu idatzi bat badugu, beste hainbat gaien inguruan izan ohi dugun moduan, kontratazio berriren bat badago, pertsona horri gure irizpideen berri idatziz eta ahoz emango diogu; baina, idatziz egoteak beste maila eta ardura bat ematen dio gaiari.
Enpresaren tamainaren arabera, euskara plan bat egin eta gauzatzea ere baliagarria izan liteke euskararen erabilera sustatzeko. Baina, betiere, obligazio bat bezala ulertu ordez, enpresari eta langileei balio erantsia emango dion zerbait bezala ulertuz.
Enpresa batzuetan euskara plana egitea handiegia izan liteke, enpresa txikiegia izan daitekeelako horretarako eta euskararen erabilera bermatzen delako. Baina, langile guztien erabilerak bateratze aldera eta koherentzia bat mantendu nahi bada bezero eta hornitzaileei begira, ondo legoke irizpide zerrenda bat osatzea, dekalogo moduko bat, langile guztiei lana erraztuz eta enpresaren filosofia bateratuz.
Bai Euskarari Elkarteak baliabide ugari jartzen ditu enpresen eskura eguneroko zerbitzua euskaraz eman ahal izateko. Eta zuk, zer egiten duzu zure egunerokoan euskararen erabilera enpresan bermatzen dela ziurtatzeko? Aipatu ditugun oinarrizko euskara plana edota dekalogo bat osatzetik haratago, zer iruditzen zaizu izan daitekeela baliagarri? Zuk zer egiten duzu? Ziur besteontzat ere baliagarria izango dela. Zuen iruzkinak irakurtzeko prest gaude!