Euskararen kale-erabileraren azterketa ezberdinak egiten dira leku eta garai ezberdinetan, eta, aldiro emaitzek beheranzko joera erakusten dute.

Ohitura kontua da euskaraz pentsatu, hitz egin eta bizitzea; batzuk euskaldun gara gure bizitzaren alor guztietan, baina, beste batzuri kosta egiten zaie naturaltasunez euskaraz aritzea momentuoro. Ohitura kontuak, esan bezala.

Baina, badakigu, ohitura berriak hartu ditzakegula: nahi izanez gero, ohiturak alda ditzakegula. Jarrera kontua da hau. Jakina da, 21 egun behar izaten direla ohitura berri bat gure egiteko. Beraz, 21 egunez, gure lan-arloan adibidez, guztia euskaraz egiten badugu, horretara ohituko gara.

Baina, zertan hartu behar genuke kontuan euskara?

  1. Bezero-hornitzaileekiko harremanetan. Lehen hitza euskaraz izateak, hartzaileari ere adierazten dio, zurekin euskaraz egin dezakela. Emaileko sinaduran euskaraz idatziz beharrezko testuak. Telefonoa hartzen denean, euskaraz abiatuz: bai, nor da?
  2. Komunikazio euskarrietan. Sortzen ditugun eskuorri, errotulu, karteletan, eta baita sare sozialetarako sortzen ditugun albiste eta ikus-entzunezkoetan, euskara lehenetsiz. Arlo honetan laguntza jasotzeko gomendio bat aurkezten dizuegu albistearen amaieran.
  3. Hornitzaileak aukeratzerakoan. Lehenetsi ditzakegu euskaraz lan egiten duten enpresa eta autonomoak. Sare euskaldun bat sortzeko urrats garrantzitsua litzateke honako hau. Zentzu honetan, euskara lehenesten duzula indartzeko, Bai euskarari ziurtagiria atera dezakezu. Honetaz gehiago jakiteko, Bai Euskarari Elkarteko Amaia Atxukarrori egin genion elkarrizketa entzutera gonbidatzen zaitugu. Euren webgunean, ziurtagiria duten elkarte, autonomo eta enpresen mapa topatuko duzu: ziurtagiridunen mapa.
  4. Lanerako tresnetan. Lanerako erabiltzen dituzun ordenagailu, mugikor, edota software programa batzuk euskaraz jar daitezke. Era berean, fakturak, albaranak, ordainagiriak… ere euskaraz emiti daitezke.

 

Baliabideak falta bazaizkizu euskaraz aritzeko lanean bere osotasunean, euskararen erabilera sustatzera gonbidatzen zaitugu: gehiago hitz egitera (ohitura errotzeko), euskaraz irakurtzera, euskara ikastera, zalantzak argitzeko hiztegi digitalak kontsultatzera, eta herritar zein autonomo bezala dituzun aukerez baliatzera.

 

Badakizu UEMA zer den?

Udalerri euskaldunen mankomunitatea. UEMAk gaur egun hainbat ildo eta zerbitzu ditu, euskaraz bizi nahi duten udalerrien beharrei erantzuteko. Udalen euskalduntzeaz gain, udalerri euskaldunen zaintza eta garapena, eta bertako herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea dira nabarmenenak, horietan eragitea udalerri euskaldunei eta euskararen arnasguneei eusteko ezinbestekoa dela iritzita.

UEMAren eskaintza jarduera propioa duten ekintzaileei zuzenduta; euren zerbitzuak euskaraz eskaintze aldera:

  • Hartzaileak: merkatariak eta ostalariak

Helburua: Hizkuntza paisaia euskalduntzea.

Bitartekoak: kartelak, errotuluak, ordainagiriak eta fakturak, arlokako hiztegiak, itzulpen laburrak, merkealdietarako materiala, eta abar.

  • Hartzaileak: herri turistikoetara datozen bisitariak eta turismo sektoreko langileak

Helburuak: gune euskaldun turistikoek euskararen biziraupenean duten garrantzia nabarmentzea, bisitariari herri euskalduna garela erakustea, bisitariek herri euskaldun batean egotearen esperientziaz goza dezaten lortzea eta euskara marka bezala zabaltzea.

  • Hartzaileak: udalerri euskaldunetako herritarrak

Helburua: herritarrek errenta aitorpena euskaraz egitea eta administrazioa euskalduntzea.

Bitartekoak: kartelak, esku-orriak, hedabideak eta sare bideak.

 

Espero dugu aipatutako bide hauek baliagarriak izatea, eta euskara lehenesten jarraitzea zure lanean eta bizitzan!

 

Euskararen kale-erabileraren joera