Euskaraz lan eta bizitzea ez dela erraza da askoren ustea, baina, aukera bat da eta posible da. Baina, benetan egin behar da hautua. Lan-merkatua bi mundu ezberdin balira bezala jokatzen dugu, bata gaztelaniazkoa, eta bestea euskarazkoa.

Guk euskarazko lan-merkatuaren alde egiten dugu. Guretzat, abantaila hauek ditu, besteak beste:

  • Gure hizkuntzan pentsatzeko eta komunikatzeko aukera eskaintzen digu.
  • Euskara komunikaziorako tresna bezala erabiltzen dugu, ez sinbologia folkloriko bezala.
  • Gure bezero eta hornitzaile gehienak euskara dute ahoan, baina, kasua ez denetan, euskara erabiltzera bultzatzen ditugu: bestela egingo ez luketen saiakera izanik.
  • Euskararen lan-merkatua zabaltzeko eta ugaritzeko beharrezkoa da denok aritzea egunerokoan euskaraz. Baita lanean ere!

Euskararen lan-merkatua indartzen:

Aste honetan Bai Euskarari Ziurtagiria berritu dugu (Zerbitzua eta lana euskaraz), eta aurtengo helburuen artean, hornitzaile nagusienen kontratu, fakturak eta bezeroekiko harremanak euskaraz izateko eskakizunak egitea izan da. Hau da, seguru-etxeak, bankuak, energia konpainiak, telekomunikazioak…

Gure kasuan, kooperatiba txikia gara eta oinarrizko dokumentazio eta informazio guztia euskaraz daukagu: estatutuak, eratze eskriturak, fakturaziorako sistema, komunikazioko tresnak (webgunea, email sinadura, aurkezpen-eskuorria…), baita errotuluak ere. Baina, egia da, zenbait hornitzaileren harremanak ez direla beti guk nahi bezala gauzatzen hizkuntza aldetik.

Horregatik, alde batetik, euskarazko zerbitzua eskaintzen duten hornitzaileak aukeratzen ditugu (posible den guztietan), eta bestetik, aurtengo helburuak betez, hasiak gara urteko azterketa medikua egiten digun enpresan dokumentazioa euskaraz eskatzen, baita, aseguru etxean ere.

Beraz, bakoitzak helburu txikiak izanda, baina, urrats garden eta ausartak ematen baditugu euskara lehentasunezko hizkuntza izan dadin, lortuko dugu guztion artean euskararen lan-merkatua zabaltzen eta ugaritzen.

Euskararen lan-merkatua
Tagged on: