Norberak egiteko modu jakin bat daukagu, baina, ezin gara horretara mugatu, ez, horixe! Bizitza luzea da eta pertsonalki eta profesionalki garatzen jarraitzeko mila bide ditugu, zorionez!
Ekiten dugunean denbora falta izaten dugu pertsonalki ala profesionalki garatzeko. Baina, daukagun denbora apurra ongi antolatzean dago garapenerako gakoa. Formakuntza plan pertsonala egitea proposatzen dizuegu gaurko post honetan, izan ere, formakuntza labur ala luzeek, plazerez bete gaitzakete edonoiz.
Nola osatu formakuntza plana? Oso erraza da: hartu paper bat eta hasi idazten:
- Gustura murgilduko zinatekeen gaia ala gaiak ezarri.
- Gai bakoitzaren inguruan ezagutzen dituzun ala topatzen dituzun formatzaile, tutorial eta zentroak zerrendatu. Ikusi bakoitzaren eskaintza, denborak, prezioak (ala doakoak diren), kokapena (ala online den), baliabideak, etab.
- Bakoitzaren balorazio pertsonala gehitu: egingarria den ala ez, eta baiezkoa balitz, zuretzako garai optimoa zein litzatekeen pentsatu.
Formakuntza plana: zurruna ala malgua?
Behin hastapeneko ikerketa lana eginda, formakuntza plangintza osatzeko txanda heldu da!
Horretarako, egingarritzat jo dituzun ikastaro ala tutorialak zerrendan jarri eta bakoitza noiz egingo zenukeen azaldu ondoan. Bakoitza garatzeko egin beharreko zereginak zerrendatu eta egiten joan (izen-emateak, materialen deskarga, etab.).
Behin formakuntza plana eginda, betetzea bakarrik faltako da 😉
Hala ere, izan zaitez malgua zure buruarekin. Izan ere, normala da formakuntza plana egiten den unean espektatiba handiak jartzea. Baina, errealitatea bestelakoa izan ohi da: uste duguna baino denbora eta indar gehiago eskaintzen diogula eguneroko lan eta zereginei. Beraz, zuhurtziaz prestatu formakuntza plana, eta posible bada, gozatu ikasketa berriez!