Norberaren gaitasunak garatzea bizitza pertsonalean eta profesionalean estankatuta ez geratzeko gakoa da, ezagutza berriak ikasteak, barneratzeak eta praktikan jartzeak ahalduntzen baikaitu. Eta prozesu horrek gaitasunen garapena indartzen laguntzen digu.
Formakuntzarako zentro eta erakunde ugari ditugu gure ingurunean, eskaintza ugaria dugu, baina, norberak zer ikasi nahi duen zehaztea izaten da zailena. Noiz gaude prest ikasketa berri batean murgiltzeko? Normalean, gure bizitza gorabeheratsua izaten da, bai pertsonala baita profesionala ere, eta beheraldietan irtenbide ohikoena ikasketa berriak barneratzea izaten da. Motibazioa pizten zaigu ezagutza berriak eskuratzen ditugun momentuan, eta praktikara eramaten ditugunean, gainera, lehen emaitzak jasotzen hastearekin batera, ilusioa berpizten zaigu.
Zergatik formatu? Ilusioa eta motibazioa pizteko.
Formakuntza laburrak eta konkretuak izan daitezke, edota, luzeak eta sakonak. Norberaren momentuko denbora eta dedikazio aukeren arabera hartuko da formatu bat ala bestearen hautua. Kontua da beti izaten dela zer ikasi: batzuetan gure jarduerarekin zerikusi zuzena duen arloa, gure antolaketa hobetu ditzaketen teknika ala tresnak, gure izaera indartzeko gaitasunak, gure ikasketa, lan ala izaerarekin zerikusirik ez duten gaiak, etab.
Ikastaro bakoitzean pertsona berriak ezagutzen dira, harremantzeko aukerak sortzen dira, haien ikuspegiak ezagutzen dira eta gureak partekatu… burua lanean jartzen dugu, eta gure barnean argitxo bat pizten hasten da: motibazioarena.
Motibazioari eutsi behar diogu, ilusioz jarrai dezagun ekiten eta bizitzen.
Zein formakuntza? Gaitasunen garapena ekarriko dizkigutenak.
Esan bezala formakuntza zentro eta erakunde ugari daude beren eskaintza modu presentzialean eta online ere eskaintzen dutenak. Gaiak, beraz, mila daude eskura. Ekintzaileentzako interesgarriak izan daitezken gaiak zerrendatzen dizkizuegu segidan, ideiak har ditzazuen. Zuei lagungarri izan zaizkizuen gaiak topatu badituzue zuen lan ibilbidean, partekatu denekin, ongi etorriak izango baitira ; )
- Publiko aurrean hitz egiteko gaitasuna
- Inspirazio eta sorkuntza gaitasuna
- Sare sozialak ezagutzeko ikastaroa
- Sare sozialetan eraginkor aritzeko gaitasuna
- Norbere buruaren antolaketarako tresnak eta teknikak
- Oinarrizko kontabilitatea eramateko ikastaroa
- Norbere buruaren zaintza
- Ahalduntze feminista
- Asertibitatea: ezetz esateko gaitasuna
- Hizkuntza ezberdinak ikasteko ikastaroak
- Etab.
Non ikasi?
Zerrenda bat luzatuko dizuegu, baina, gaiekin bezalaxe, zuen proposamenetara irekia geratzen da denen artean osatzeko zerrenda:
- Udaletako Berdintasun Sailek antolatzen dituzten Jabekuntza Eskolak
- Emakumeen Etxeetako ikastaroak
- Kalaka.eus: sareko eskola
- Unibertsitateak: graduak, masterrak, etab.
- Unibertsitate digitalak: online graduak, masterrak, etab.
- Garapen agentziak
- Federazioak
- Hizkuntza akademiak
- Etab.
Ideia batzuk besterik ez dira, bilatu zure hutsuneak ala landu nahi dituzun gaiak eta gaitasunak, eta murgildu zaitez formakuntza batean! Gozatu momentuaz!