Guk sortzen duguna bezain garrantzitsua da ekoizpen prozesua bukatzeko beharrezkoa zaigun hornitzaileak egiten duen lana.
Baina, ba al dakigu hornitzaileen aukeraketa egokia egiten? Hornitzaile berri bat kontratatu behar dugunean, egiten al dugu aurre-lanik bere lanen gaineko kalitate, entrega-epe eta eskaintzen duen profesionaltasunaren gainean?

Hornitzaileen aukeraketa eta jarraipen prozesuaz hitz egingo dugu gaurkoan. Ez dago, egia esateko, formula zehatzik, baina, oinarrizko pauso batzuk jarraitzea beharrezkoa dela deritzogu, hornitzaile eta gure arteko lan-harreman emankorra sortzeko.

Lehen pausoa: beharrak ongi zehaztea

Lehen urratsak beti izan behar du norberak behar duena zer den ongi zehaztu ahal izatea. Hau da, hornitzaileak ongi erantzutea nahi badu, guk argi izan behar dugu zer nahi dugun. Hau horrela izanik, paperean idaztea gomendatzen dugu beharren zerrenda ahalik eta xehatuen.

Bigarren pausoa: hornitzaile egokia aukeratzea

Beharrak zein diren jakinda, behar horiek ase ditzaketen ekoizleen bilaketa egingo dugu. Nola? Izan daiteke, lagun ala ezagunei galdetuz. Euren esperientziak jakinda, asko ikasi genezake hornitzaile ezberdinen inguruan. Baita, interneten bilaketa bat eginez. Bilatzaileetan bilaketa bat eginez, hornitzaileen webguneetara irits gaitezke, euren informazioa irakurtzeko. Hortik aurrera, deiak egitea dagokigu edota emailak idaztea gure behar zehatzak azalduz. Jasotzen dugun erantzun eta arretaren arabera, baita aurrekontuaren arabera ere, erabaki bat hartu beharko dugu.

Hirugarren pausoa: zer eskatuko diogu hornitzaile bati

Hornitzaile ezberdinak ditugunean eskuartean, bat aukeratzea ez da erraza izaten. Batzuetan, probatu egin behar duzu, eta pertsonalki jasotzen duzun zerbitzuaren arabera erabakiko duzu hurrengoan bere zerbitzuak kontratatu ala aldatu. Baina, aukeraketa horretan lagun gaitzakete zenbait kontzeptu argi izateak, eta horiexek luzatzen dizkizuegu, check list moduan, zuen erabakian lagungarri izan ditzazuen.

  • Arretari dagokionez:
    • Hizkuntza: euskaraz eskaintzea
    • Denbora: ahalik eta azkarren erantzutea
    • Aholkularitza: gure zalantza eta beharrei egoki eta argi erantzutea
  • Aurrekontuari dagokionez:
    • Prezioa: gure beharren eta aukeren araberakoa izatea
    • Zehaztasuna: azalpenak txertatzea ahalik eta xeheen, ongi ulertzeko eta gaizki ulertuak saihesteko.
    • Denbora: eskatzen denetik denbora jakin batera jasotzea (astebete gehienez)
  • Bere aurreko lanei dagokienez:
    • Aurrez egindako lanen artean ote dagoen guk eskatzen dioguna
    • Beste proiektuen emaitza finalaren balorazioa egin
    • Beste bezeroen iritziak irakurri
  • Inpresio orokorrari dagokionez:
    • Aurreko hiru puntuak kontuan izanda, konparaketa bat egin jaso ditugun aurrekontu ezberdinen hornitzaileen zerbitzuen gainean.

Laugarren pausoa: ekoizpen lanaren jarraipena

Behin hornitzaile bat aukeratu dugunean, zuzeneko harremanarekin jarraitu beharko dugu daukagun lanaren materialak berari helarazteko eta berak lantzeko. Zentzu honetan, laguntza eskatu diezaiokegu material horiek helarazteko formatu ala moduen inguruan; berak horretan esperientzia gehiago izango duelako. Bestetik, hornitzaile batzuk, kalitate bermea eskaintzen dutenak bereziki, jasotzen duten materialaren errebisio bat egiten dute, eta zuzenketarako proposamenak ere egiten dituzte ala kontsultak, ea hori zuzen ote dagoen galdetuz. Horrela, elkarrekin ematen zaio azken errebisioa lanari, eta ekoizpen-prozesuari ekiten diote.

Ekoizpen prozesua ekinda, ezin dugu ahaztu prozesu horretaz. Batzuetan, hornitzailea bera da aurrerapenak bidaltzen dizkiguna, ala bestela, guk eska genitzake. Lan mardulak direnean, komeni da, ekoizpen-prozesuan mugarri batzuk finkatzea emaitza finalari itxaron gabe.

Garrantzitsuena elkar ongi ulertu dela bermatzea da. Horretarako, eman beharrezkoak diren azalpenak, eta beharrezkoa den materiala.

Bosgarren pausoa: lan-harremanaren eta emaitzaren balorazioa

Lana bukatzean dagoenean, komeni da emaitzaren balorazioa egitea elkarrekin. Gustura geratzen garenean, horren berri emango diogu hornitzaileari, jakin dezan primeran egin duela egitea eskatutako lana. Baina, emaitzarekin ala prozesuarekin ez bagara gustura geratu, horren berri ere emango diogu errespetuz. Hau da, lan munduan beti egon behar dugu prest hobetzeko, eta ikasteko. Hau horrela, bezero batek esaten badio ez duela ongi ulertu esandakoa, ala ez duela ongi transmititu emaitza finalean berak nahi zuena, zergatia ikertu beharko da. Horregatik diogu, bezero moduan, garrantzitsua dela hasierako beharra oso ongi zehaztea; ahalik eta zehatzen hobeto, horrela bakarrik lortuko dugulako gure lekuan jartzea hornitzailea.

 

Zorte on hornitzaile egokien bilaketan 😉

 

Hornitzaileen aukeraketa eta jarraipen prozesua