Ikasturte amaierara iritsi gara. Uda dator eta horrekin batera, oporrak, agian?

Ikasturte amaierara iritsi gara eta horrekin batera, heldu da urte erdiko hausnarketa egiteko momentua. Lan batzuk ikasturtearen arabera antolatzen dira, beste batzuk urte naturalaren arabera. Baina, argi dagoena da, ekainak bai pertsonalki eta baita profesionalki ere, gure buruetan eten natural bat dakarrela. Uda hasten da, udarekin batera lan erritmoa sektore askotan jaitsi egiten da, beste batzuetan, aldiz -ostalaritza eta turismoan, kasu-, igo. Baina, alde batetik edo bestetik, aldaketa bat dakar.

Hori dela eta, urte amaierara itxaron ordez nolabaiteko hausnarketa egiteko, urte erdian ere egitea ez legoke gaizki. Eguneroko erritmo bizkorra eten, pentsatu eta aurrera jarraitzeko bide posibleen inguruan erabakiak hartzeko.

  • Galdera batzuk geure buruei egitea lagungarri izaten da halakoetan: Lehen bi hiruhilekoak nola joan dira? Lan asko izan dugu? Gutxi? Bezeroak mantentzea lortu dugu? Berriak iritsi zaizkigu? Galdera horien erantzunak eta arrazoi posibleak pentsatzea baliagarria izango zaigu, bai udari eta baita udatik bueltari beste aldarte batekin ekiteko. Hausnarketa horrek ere lagun diezaguke oporrak hartzeko edo ez hartzeko erabakia hartzen, adibidez.
  • Askorentzat uda izaten da oporrak hartzeko momentua, bezero eta hornitzaile gehienek ere orduan hartzen dituztelako, eta guk, ekintzaile moduan, moldatu egin behar izaten dugulako horrelakoetan, ezta? Baina, sektorearen arabera, baliteke udan baino, hobe izatea, adibidez, urrian hartzea opor batzuk.

Ikasturte amaieran, eten erritmoa eta hartu pentsatzeko tartea

Ekintzaileek egunerokoan erabaki txiki -eta handi- ugari hartu behar izaten ditugu eta erabaki horiengan egon ohi da gure ibilbidearen jarraikotasunerako giltza. Hori horrela, noizean behin pentsatzeko tartea hartzea ezinbestekoa da. Guk nahi dugun bidetik jarraitzen dugun edo ez hausnartzeko, horrela jarraitu nahi dugun edo aldatu nahi dugun pentsatzeko… eguneroko erritmo bizkorrak ez digu horretarako denborarik uzten eta askotan egunerokoak jaten gaitu. Hori gerta ez dadin, eten erritmoa, hartu arnasa eta pentsatzeko tarte bat.

Erritual moduko bat ere izan daiteke. Hau da, gure lana egiteko ohitura batzuk hartu ohi ditugun moduan, pentsatzeko momentu hauentzat ere ohitura batzuk har ditzakegu:

  • Urtean bitan egitea horrelako geldialdi txikiak, adibidez.
  • Egun horietan inguruko kafetegi batera edo naturarekin harremana izango dugun leku atsegin batera joatea koaderno, liburu, musika edo erlaxatzen lagunduko digun zerbaiten laguntzarekin. Norberari gehien laguntzen dion espazio eta lagungarriak aukeratu.
  • Ordu batzuk hartu lasai egoteko eta pentsatu duguna idatzi, une horretan zentzu gehiegi ez duela pentsatu arren, idatzi.
  • Idatzitako horri gero, forma eman eguneroko erabakietan lagungarri izan dadin egin dugun hausnarketa.
  • Pentsatu dugun guztia edo egin nahi genituzkeen aldaketa guztiak, beharbada, ez dira momentuan egitekoak izango, batzuentzat denbora beharko dugu, baina, pentsatu eta idatzita izateak laguntzen du errealitatera eramaten.
  • Egun hori edo ordu horiek eta gero, prestatu datorkizunerako! 😉

Eta zuk, horrelako tarteak hartzen al dituzu? Ohitura duzu edo eguneroko erritmoa mantentzearekin nahiko lan duzu? Edonola ere, eutsi goiari eta goxatu udaz!

Ikasturte amaiera: eten eta aurrera pausoak pentsatzeko unea