Negozio bat abiatzean ez dugu soilik ekoitzi behar, ikuspegi globala izan baizik. Ekoizpen hori luzaroan egin ahal izateko enpresa ikuspegiz aritu behar dugu, alderdi guztiak kontuan hartuz, alegia.
Nola landu ikuspegi globala gure negozian?
Gure negozioan ikuspegi globala lantzeko, bilera estrategikoetan 5 arlo ezinbestean landu behar ditugu: zuzendaritza, administrazioa, komertziala, komunikazioa eta ekoizpena. Segidan, bakoitza xehe azalduko dugu.
- Zuzendaritza arloa: negozioaren plangintza orokorra, jarraipena, salmenta produktu ala zerbitzuen aukeraketa, lanen koordinazioa, aurrekontuen aukeraketa, denboraren eta lanaren kudeaketa, gastu eta sarreren aurreikuspena, etab.
- Administrazio arloa: kontabilitatea, eguneko eta hileko gastu eta sarrerak, emailen kudeaketa, antolaketa gaiak, etab.
- Arlo komertziala: urtean zehar noiz eta zein lan komertzial egin behar den, lan komertziala egiteko beharrezkoa den materiala sortzea, bilerak eta aurkezpenak prestatu, etab.
- Komunikazio arloa: zer eta nola komunikatu, zein kanalen bitartez, komunikazio estrategia finkatu, mezu eta iruditegia diseinatu, etab.
- Ekoizpen arloa: sortzen ala eskaintzen ditugun produktu eta zerbitzuak sortu, bezeroekin harremana zaindu, asertibitatea landu, etab.
Lehen urtetan garrantzitsua da lehen lau arloak bereziki lantzea: hau da, zimenduak ondo finkatzea. Eta horretarako, horiei dedikatu behar zaien denbora %80a izango da. Ekoizpenari, berriz, %20a. Urteak pasa ahala, jarduera egonkortzen joango da eta proportzioak aldatzen joango dira, %50era iritsiz, edota ekoizpenari gehiago eskainiz.
Hala ere, dena bezala, urteko errepasoa egitea beharrezkoa da, eta arloz arlo jarraipen estua egitea bakoitzean suertatzen diren ahulgune eta indarguneak identifikatzeko eta hurrengo urtean dagokiona indartzeko.