Josefa Ignacia Albisu Aranburu “Joxpinaxi” eta “Pelotari” izenez ezaguna (Lazkao, 1859- Donostia, 1950) gipuzkoar pilotaria izan zen.
1885ko martxoaren 8an, Lazkaoko pilotalekuan bi partidu jokatu zituen bi gizonezkoren aurka. 2.500 pertsonatik gora elkartu ziren partida hauek ikustera, arrabotsa sortu zuten herrian eta inguruan, eta komunikabideek ere hauspoa eman zieten. Jokoan urrezko ontza bat zegoen, eta Albisuren aitak, Jose Joaquin Albisu Arresek, behi bat ere jokatu nahi izan zuen bere alabaren alde.
Goizean jokatu zuen lehen partida, 28 urteko gizonezko baten aurka. Bere baserriaren ondoko baserrian bizi zen gizona, eta joera zuen emakumeak gutxiestekoa eta ezer egiten ez zekitela esateko. Jarrera horretaz nazkatuta, Joxpinaxik pilota partidua jokatzeko erronka bota zion. Gizonak, hasieran, ez zuen onartu nahi, baina, herritarren presioa tarteko, onartu egin behar izan zuen. Joxpinaxi oso lasai joan zen partidura, bere buruaz seguru, eta irabaziko zuela sinetsita. 11 – 30 tantoko emaitzarekin irabazi zuen 20 minututan, errepaso galanta eman zion. Arratsaldean, bigarren partida jokatu zuen, Frantziako Estatukoa zen gizonezko baten aurka. Hau ere Albisuk irabazi zuen. Bi partida hauek aise irabazi ondoren, “Pelotari” ezizena jarri zioten.
Partiden kronikak zabaldu ziren garaiko komunikabideetan, eta Joxpinaxik sona lortu zuen Lazkaotik kanpo ere. Bere ausardiak eta pilotarako doaiek balio izan zuten, gizartean emakumeek zuten papera azaleratzeko; izan ere, jende askoren babesa jaso bazuen ere, jaso zituen bere pilotari jardunaren kontrako iritzirik, irainak barne.
Horrela bada, pilota munduan aitzindaria izan zen eta emakumeei pilotari izatera iristeko bidea irekitzea lortu zuen. Bere ondoren, izan ziren beste emakume pilotariak jendaurrean apustuak egin eta jokatu zutenak.