Joxepa Antoni Aranberri ‘Xenpelar’ (1865-1943) ehulea izan zen Errenteriako fabrika handi batean, 12 urtetik aurrera. Fabrikako lana eta jostunarena bateratzen zituen.
Bere amaren antzera bertsozalea, buru argia eta irakurle sutsua zen. Ama eta osaba Juan Frantzisko (‘Xenpelar’ bezala ezaguna) baztangaz hil ziren Joxepa Antonik lau urte zituela, eta aitarekin, Jabier Aranberri, eta amonarekin, Rita Berrondorekin bizi izan zen.
Bertsolari hau, hiri-eremukoa zen. Bere bat-bateko bertsoak herriaren sentipenaren adierazgarri bihurtu ziren, egunerokotasunaz eta bizitzea egokitu zitzaion testuinguru historikoaz hitz egiten zutelako: lanetik erlijiora, Lehen Mundu Gerratik igaroz.
Etxea ez ezik, lantegia eta jostundegia ere izan zituen bertso-leku Joxepa Antoni Xenpelarrek. Jostundegiko kantuak eta umore ona ezagunak ziren inguruetan.
Bere bertso-jarrien idatziak bakarrik jaso dira. Ezagutzen zaion lehen bertso sorta 1902koa da, Ibaizabal aldizkarian argitaratutakoa. Banaka jarritako bertsoak ugari omen zituen, eta Antonio Zavalak jasotako batzuk mantendu dira.
1923an bat-batean bista galdu eta bizitzako azken hogei urteak, 1923tik 1943ra, erdi itsututa eman zituen. Hala ere lanera joaten jarraitu omen zuen urte dezentez, nagusiak hala nahi zuelako. Berak jarritako bertsoak etxekoek idazten zizkioten. Minbiziak eraman zuen 1943ko abenduaren 29an.
Errenteriako jostundegiko neskekin erretratua atera eta bertsoa ere jarri zion bere buruari:
Jeneralian erretratuan ikusten da familiya, jostundegi edo lantegietan berriz jende gazteriya; alde ortatik ez naiz ibilli, esango diet egiya: pentsatu nuen neskazar bati egitia konpañiya. |