Julene Azpeitia euskararen bultzatzaile sutsua izan zen, 1888an Zumaian jaio eta 1980 urtean Bilbon hil zen. Irakasle ikasketak egin zituen eta bizitza irakasle lanetan eta idazle izaten pasa zuen.

Euskal Herriko hainbat herritako eskoletan irakasle aritu ondoren, 1916 urtean Mexikora joan zen. Han, euskaraz idazten zuen bertako kazeta batean, eta idazle-ofizioa sendotu zuen. 1920 urtean bueltatu zen Mexikotik eta irakaskuntzarekin jarraitu zuen 1936an Gerra Zibila lehertu zen arte. Hamaika urtez geldirik egon ostean, Gorlizen ekin zion irakaskuntza lanari. Maite zuen haurrei irakastea, eta euskararekiko zuen pasioa transmititzen zien; sutsua izan zen bere jardunean. Baina, 1948 urtean, zigortu egin zuen Frankoren erregimenak, eta Burgosera bidali zuten. Han aritu zen lanean, etsi gabe. Azkenik, 1955 urtean Euskal Herrira bueltatu zen eta Markinan egin zituen erretiro aurreko bere azken urteak irakaskuntzan lanean.

Denbora honetan guztian, idazten eta idazkiak argitaratzen aritu zen: haurrei zuzendutako ipuinak lantzen zituen, eta baita irakasle zein gurasoei begirakoak ere; euskararen transmisioan eta pedagogian kontuan hartzeko ideiak eta irizpideak proposatuz. Lehiaketa ezberdinetara aurkeztu zen eta baita irabazi ere. Arritokieta goitizena baliatuz, ehunka artikulu kaleratu zituen agerkari ezberdinetan: Euzkadi, Karmel, Yakintza, Egan eta Zeruko Argia. Irratia ere ezagutzen zuen Julene Azpeitiak, 74 urte zituenean, Loiola Herri Irratian eta baita Arrate Irratian oraindik ere jasotzen zituzten bere kolaborazioak. Bestetik, bere ibilbide luzean euskararen alde eginiko lana kontuan izanik, 1975 urtean Euskaltzain izendatu zuten.

 

Julene Azpeitia
Tagged on: