Katalina Eleizegi Maiz antzerki idazle donostiarra (1889-1963).

Irakasle ikasketak egin zituen Burgosen baina euskal antzerkia idazten aritu zen bere bizitzan zehar, gerra aurretik Donostian (Gipuzkoa) eta gerraostean Lizarran (Nafarroa).

Burgosera joan zen bertako Irakasle Eskolan ikasteko. Tituludun euskal maistren lehen belaunaldikoa bazen ere, ia ez zuen eskolarik eman. Familiak ematen zion errenta batekin bizi izan zen, beraz, ezkongabe eta etxean idazten geratzeko egoera aproposarekin. Garaiko emakume gehienak ez bezala, ez zen ezkondu, ezta seme-alabarik izan ere. Beraz, genero-rolei aurre egin zien Katalinak.

Bere lehen lau lanak 1916 eta 1934 bitartean idatzi, argitaratu eta antzeztu zituen: ‘Garbiñe’, ‘Loreti’, ‘Gaine’ eta ‘Jatsu’. Gero gerra etorri zen errepresioarekin eta zentsurarekin. 1960tik 1963ra bitartean, ‘Erauso Kateriñe’ idatzi zuen, eta interpretatu egin zen, baina ez zen argitaratu; ‘Brujasko harilkia’ eta ‘Roldan’ izan ziren bere azken bi koadernoak.

Bere garaiko egile gehienek egunerokotasunari eta hurbileko inguruari buruz idazten zuten bitartean, Eleizegik beste garai eta lurralde batzuetara garamatza: Erdi Arora edo Brujas hirira, besteak beste, eta Euskal Herriko historia eta usadioak kontatzen dizkigu, bereziki, emakumeei dagozkienak. Emakumeak baiziren bere antzezlanetako protagonistak izenburuetan ikus daitekeen moduan.
‘Garbiñe’ izan zen bere lanik ezagunena, hiru ekitaldiko drama historikoa, XIII. mendean kokatua, musulmanen eta kristauen arteko gerra izan zen bitartean. Ezinezko maitasun istorio bat da.

 

Katalina Eleizegi Maiz
Tagged on: