Baliabideetaz hitz egiten dugunean, baliabide fisikoetaz hitz egin ohi dugu; baina, badaude intangibleak diren baliabide garrantzitsuak ere. Kontaktu sarea, kasu. Ez da liburu bat, ekiten lagunduko digun ikastaro zehatz bat… baina, oso garrantzitsua da kontaktu sarea izan eta indartzea.

Kontaktu sare erreal bat dugu denok: familia, lagunak, ikasle garaiko kideak, beste lanetako lankide ohiak, bidaietan ezagututako jendea, etab. Batzuekin harreman estua izango dugu eta besteekin ez hainbeste, baina horiek guztiek osatzen dute gure kontaktu sarea. Ekiten dugunean kontaktu sare horretara jotzea lagungarria izan ohi da. Oraindik ez gara ezagunak eta edozein laguntza ongietorria izan ohi da hasiera guztietan. Beraz, pentsa ezazu kontaktu sare pertsonal horretako nork lagun zaitzaken? Ez izan beldurrik eta laguntza eskatu, ezezkoa jaso dezakezu, baina baita baiezkoa ere.

Gainera, aitzaki horrekin, ahaztuta zenituen harremanak berpiztu eta bestelako harremanak sor daitezke. Orokorrean jendea poztu egiten da proiektu berrien informazioa jasotzean eta are gehiago, pertsona hori edo horiek aurrez ezagutzen baditu. Probatzera animatzen zaitugu, harremanak egitera eta kontaktu sare hori aprobetxatzera.

Kontaktu sarea zabalduz

Ekintzaile bide horretan, gerora, kontaktu sarea zabalduz joango zara, egin beharko dituzun bileretan profesionalki soilik (hasiera batean behintzat) ezagutuko dituzun pertsonen sarea osatzen joango zara, baina, hori gerora dator.

Fisikoki ditugun edota izan ditzakegun kontaktuez gain, gaur egun sare sozialek online kontaktuak izateko aukera ematen digute. Pertsonalki horrelako harremanak izatea gustuko izan dezakegu edo ez, baina, profesionalki interesgarria izan daiteke lan sektoreagatik ezaguna eta interesgarria egin dakizuken norbaitekin harremana egitea, bilera bat eskatuz elkar ezagutzeko edo lan proposamen bat eginez. Hasieran lotsa ematen du eta ez dugu jakiten nondik hasi gehienetan, baina lotsa galdu eta saiatzera bultzatzen zaitugu, ziur erantzun egoki ugari jasoko dituzu-eta bueltan.

Pixkanaka, lehenagotik dugun sarea aprobetxatuz eta gerora sortzen joango garena landuz, gure kontaktu sarea osatzen, sendotzen eta handitzen joango gara: ekite bide honetan ezinbestekoa da. Kontaktu batzuk bide osoan zehar ondoan izango ditugu, beste batzuk, lan zehatz batzuei lotuta soilik, besteak bide erdian batuko zaizkigu eta gerora gure ondoan eta gu beraienean egongo gara, baina garrantzitsuena saretzea da. Elkarri lagunduz, unean uneko behar eta nahien arabera, sarea handitu eta gure proiektua indartuz, ondokoenak ere indartzen joango dira; beraz, animo eta ekin bideari! 😉

Kontaktu sarearen garrantzia