Lurdes Iriondo Mujika 1937ko martxoaren 27an Donostian jaio zen, baina, 7 urterekin urnietara joan zen bizitzera.

Euskal artista esanguratsua izan zen, eta gerraosteko euskal kultura suspertzeko urrats garrantzitsuak eman zituen. 1964 urtean Andoaingo ikastolarentzat ekarpen ekonomikoak biltzeko helburuarekin, abesti bat sortu zuen euskaraz, kitarraz lagunduta eta garaiko gaiez hitz egiten zuena. Euskal gizartean zirrara sortu zuen, gerraosteko euskal kulturaren berpizkundean murgiltzen ari baitziren; ordura arte, gaztelania eta ingelesa gailentzen ziren kulturalki, eta poliki-poliki, euskara bere bidea egiten hasi zen.

Ez Dok Hamairu taldea sortu zuten musikari eta artista ezberdinen artean 1964 urtean; eta Iriondok paper esanguratsua izan zuen sorrera eta garapenean. Ez Dok Hamairuren ibilbidea 1972an eten zen, eta gero, Ipar Euskal Herrian ZazpiriBai taldea sortu zenean, Iriondo ere bertako kide zen. Talde honen helburua, Hegoalde zein Iparraldeko guztiak Euskal Herritarrak zirela adieraztea zen Ipar Euskal Herriko gizarteari.

Disko eta LP ugari grabatu zituen, baita, haur literaturako ipuinak idatzi ere. Bereak dira, besteak beste, Martin Arotza eta Jaun Deabrua (1973, Toribio Altzaga Saria jaso zuena), Sendagile maltzurra (Gero, 1973), Asto baten malura (Gero, 1975) eta Buruntza azpian (Gero, 1975) ipuinak. Eta baita, Hego-haizearen ipuinak (Gero, 1973) eta Lotara joateko ipuinak (Erein, 1983) narrazio luzeak ere.

Urnietako haurrekin Buruntza antzerki taldea sortu zuen, eta hainbat hainbat antzezlan idatzi eta zuzendu zituen. Horietako bat, Fabrika berria, 1977an estreinatu zen.

Dikografiari dagokionez, hainbat dira argitaratutako diska eta LP-ak:

  • Maria Lourdes Iriondo, 1967, Belter diskoetxea.
  • Lourdes Iriondo, 1968, Belter diskoetxea.
  • Kanta zaharrak, 1968, Belter diskoetxea.
  • Aur kantak, 1969, Herri Gogoa-Edigsa.
  • Lourdes Iriondo-Xabier Lete, 1969, Herri Gogoa.
  • Lourdes Iriondo, 1969, Herri gogoa-Edigsa.
  • Lurdes Iriondo, 1974, Artezi.
  • Xabier Lete eta Lurdes Iriondoren 4 disko txikiren bilduma, 1976, Edigsa.
  • Lurdes Iriondo. Antologia, 2006, Elkar.

Lurdes Iriondo

1974an argitaratutako Lurdes Iriondo disko luzea eta 1976an Xabier Leterekin ateratako bilduma izan ziren grabatutako azken lanak.

2005ean, 68 urterekin hil zen.

Lurdes Iriondo Mujika
Tagged on: