Maurizia Aldeiturriaga (1904-1988 Zeberio) emakume erreferentea da euskalgintzan, plazandre gutxi ezagutu ditugu gure aurreko belaunaldietan, eta Maurizia, zalantzarik gabe, horietako bat da.
Musikarekiko zaletasuna txikitatik zuen, familiako kide ezberdinek jotzen baitzuten panderoa: aitak, anaia nagusiak, eta baita bere osabak ere (eurekin bizi izan zena). Azken hau izan zen Mauriziaren lehen irakaslea. Neska txikia zela, osaba entzuten zuen etxean panderoa jotzen, eta bere eredua jarraituz, bere gelan sartuta iriselan aritzen zen praktikatzen. Amak, ordurako, ekarria zion pandero berria Bilbotik.
Plazetarako saltoa gaztetxotan:
Umetan oraindik, 9 urterekin, neskame joan zen Basurtoko etxe batera. Eta han hiru urte inguru eginda, Zeberiora itzuli zen eta Ugaoko lantoki batean hasi zen lanean (Fábrica de hilados). Bertan, herriko gazte jende ugari biltzen zen, eta etxetik lanera eta lanetik etxerako bidea Mauriziak kopla zaharrekin eta panderoarekin girotzen zuen.
Hamabi urte zituela ekin zion Mauriziak jaiegun eta herriko festetan plazaz plaza jotzeari. Hasieran, Joakin Gotirekin, zeberiotarra, baina, urte batzuren ondoren, Benantzio Bernaola ezagutu zuen. Azken honekin, bikote musikala osatu zuen eta senar-emazte ere izan ziren. Bi gazteak, Euskal Herriko musikaren panoraman izan zen bikote bikainenetarikoa osatu zuten.
Ezkondu ondoren ere, plazetan jotzen jarraitu zuten aurretiko erritmo berean. Mauriziak, horrez gain, baserriko lanak egiten zituen, eta Benantziok Fabrikakoak. Emakume indartsu eta oso langilea izan zen beti Maurizia, zorrotza, grinez aritzen zena. Ezkondu eta urtebetera haur bat izan zuten, bakarra, eta harekin ere oso ongi moldatzen ziren plazetako ibileretan.
Gerra zibilean momentu estuak pasa behar izan zituzten, eta Benantzio bera preso egon zen hiru urtez. Gerraosteak oraindik ere zailtasun handiak ekarri zituen bizimodua normalizatzeko unean, baina, orduantxe Mauriziak Leon eta Fasiorekin, trikitixa musika-estiloaren hirukote bereziena osatu zuen. Euskal ondoarean hainbat arlo desagertzear zeuden garaietan, kopla zaharrak, euskara, trikitixa, panderoa eta plazak berreskuratu zituzten.
Erromeri-kopla ugari kantatzen zituzten, ale hau esaterako:
Esango banitu esango (bis)
Ai, enaz isilik egongo
Zeberioko neskarentzat
Ai, herri gogorra da Orozko (bis).