Geure buruei sabotajea egiten diegu maiz. Egiten dugun lanari balorea eta meritua kendu ohi diegu. Baina, zergatik? Bada aldatzeko garaia, ezta? “Meritukentzailea” behingoz alde batera uzteko unea iritsi da.

Gizon bati bere arrakastaren inguruan galdetzen zaionean, dituen berezko ezaugarri eta trebetasunen berri ematen du. Emakume bati galdetzean, aldiz, “lan gogorrari”, “besteen lankidetzari” edota “zorteari” egotziko dio ziurrenik bere arrakasta. “Meritukentzaileak” badaki talde batean ez dagoela “ni” batentzat lekurik, baina askotan ahaztu egiten du badagoela “ni” bat “nik soldata igoera bat nahi dut”, “ni naiz proiektu honen gidaria” edota “nik postu igoera bat merezi dut” edota bestelako egoeratan. Mendeetan zehar egindako lanen balore eta meritua kendu izan zaie emakumeei, Historiari gainbegiratu bat ematea besterik ez dugu horretaz jabetzeko; eta gainera, “umilak” izan behar direla esan izan zaie. Honen guztiaren eraginez, “meritukentzailea” bere merituez hitz egiteko orduan zalantzati azaldu ohi da. Ezaguna egiten al zaizu “meritukentzailearen” profila? Ziur baietz, emakume askorena baita.

Lan asko egin ohi dugu, bai etxean eta baita etxetik kanpo ere; baina, besteei dagokien meritua eman ohi diegun moduan, geure buruak ez ditugu behar adina baloratzen.

“Meritukentzailea” desagerrarazteko estrategia defentsiboak

  • Eskertza txartel gehiagorik ez

Ziurrenik badakizu zertaz ari garen: “eskertua” sentitzeaz taldearen partetik jaso duzun laguntza guztiagatik, zuk egindako lana onartu beharrean. Emakumeok, orokorrean, duten meritua baino gehiago eman ohi diegu lankideei -“Ezin izango nuke hau egin Mikel gabe”-, eta kasu batzuetan norberaren ezaugarri negatiboak aipatu ohi ditugu lankideari meritu gehiago emateko. Zure lanagatik lortutako merituaz beste norbait ez jabetzeko lehen pausoa berau ez oparitzea da.

  • Asumitu merezi duzun meritua

Ziurta ezazu zure ekarpen indibidualen berri badutela, batik bat lan taldean gizonak daudenean. Ikerketa batzuek azaleratu dute emakumeei taldean edo banaka egindako lana era berean baloratu ohi dieten bitartean, gizonak dauden talde batean lan egiten dutenean, aldiz, gutxietsi egiten dituztela, gizonek jasotzen batitute, besterik adierazi ezean, lan partekatu horren meritua.

  • Goraipamenak onartu

Zure lanagatik zoriontzen zaituen hurrengo pertsonari erantzuteko erabil ezazu formula berezi hau: “eskerrik asko” esan. Sinplea bezain erradikala da.

Nagusia: Oso aurkezpen ona egin duzu gaur, zorionak!

Zu: Mila esker! Baina, meritua Mikelena da.

Nagusia: Lan ona egin duzu proposamen horrekin, badakit ikerketa sakona egin behar izan duzula.

Zu: Mila esker. Ez da horrenbesterako izan. (Gehitu dezakezu: “Gogor lan egin dut, egia esan”).

 

Aipatutako estrategiak enpresa baterako lan egin edota ekintzailea izanda ere baliagarriak dira: bezeroekin, hornitzaile edota gure inguruko lagun/koonpetentziarekin praktikan jartzeko.

Geure buruak maitatzen eta baloratzen ikasi behar dugu, baita lan munduan ere. Ekintzaile izanda gainera, gure mamu eta beldurrak maizago agertu ohi zaizkigu. Mamu horietako bat izan ohi da gure proiektua zalantzan jartzera bultzatzen gaituena, balio dugun edo ez galdetzera eramaten gaituena, etab. Beraz, ezinbestekoa zaigu “meritukentzailearen” profila lurperatzea, geure buruaz eta lortzen ari garenaz harro sentitu eta aurrera egiteko. Ez da lan erraza, oso barneratuta dugun zerbait da, lehen aipatu bezala, mendeetan zehar jaso duzun mezua (izan) baita; baina, gugan dago horretaz jabetu eta aldaketarako estrategiak erabili eta merezi ditugun merituak onartu eta baloratzea.

Horretarako, deskargatzeko moduan diseinatu dugun kontratua duzu hemen eskuragai, zure buruarekin sinatu beharrekoa 😉

Zorionak, emakume ekintzaileak, egiten ari zareten bideagatik!

“Meritukentzailea” alboratzeko unea