Nerea Arruti Urnietan jaio zen 1990 urtean eta herri kirolaria da. Gaur egun, aizkoran eta euskal pentatloian aritzen bada ere, erronka berriei heltzea gustatzen zaion emakumea dela argi erakutsi du.
Herri kirolen panorama asko aldatu da azken urteotan genero ikuspegiari dagokionez, eta horretan, Nerea Arrutik bere alea jarri du. Emakume gazte, indartsu eta adoretsua da, eta bere lorpen ugariek beste emakumeen maila areagotzen dute. Lehia biziagoa den momentuan, emakume gehiagori pizten zaie parte hartzeko griña, eta ikuskizun hutsa da emakume talde bikain hau plazan kirola egiten ikustea.
Nerea Arrutiren kirol-ibilbidea oparoa izan da, izan ere, Judoan eta crossfitean aritu baitzen urtetan. 2020 urtean, El Conquistador del Caribe (ETB2) programako III. edizioan parte hartu zuen. Gerora, berriz, 2021ean aizkorarekin probak egiten hasi zen eta hurrengo urtean Urrezko Aizkolariak proba irabazi zuen binaka (Nerea Sorondo zuen bikotekidea), eta ondoren, banaka.
Horrela bada, herri kirolen adrenalinak tiraka, Euskal Pentatloi Sarian parte hartzera animatu zen. Animatu eta irabazi, kasu honetan ere banakako eta binakako probak irabazi baitzituen 2022 urtean. Baina, urte horrek uzta gehiago eman zizkion Arrutiri, Gipuzkoako Aizkolari Txapelketa ere irabazi baitzuen; eta urte amaieran Euskal Herriko txapelduna izan zen baita Sherpa.ai Txapelketakoa ere.
2023 urtean ere txapelduna izan zen honako txapelketetan:
- Gipuzkoako Aizkolari Txapelketa
- Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa
- Binakako Euskal Pentatloi Saria
- Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa
2024ko urrian, Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa irabazi zuen.
Eredu delako goratzen dugu eta hemendik aurrerako bide oparoa espero diogu.
Eskerrik asko Nerea ematen duzun ikuskizunagatik!