Lehen inpresioak asko balio du, eta beraz, bezero potentzial batekin bilera bat ixten dugunean, zer eta nola esan behar dugun aurrez prestatuta joan behar gara.

Segidan, jarraibide batzuk luzatzen dizkizuegu, ondoren, noski, bakoitzaren errealitatera egokitu beharko dituzuenak.

Bezero berri bat egiteko jarraibideak:

Enpresei zerbitzuak eskaintzen zaizkien sektoreetan, bezero berriak egiteko lan komertziala egin behar izaten da. Hau da, deiak, bilera eskaerak, aurkezpenak, etab. Autonomo garenean ala enpresa txiki bateko kide, lan komertziala egitea tokatzen zaigu edozein dela ere gure lanbidea. Eta maiz, ez gaude prestatuta jendaurreko harreman horretarako.

1. Lortu bezeroekin harremanak egiteko bideak: badaude enpresa eta autonomoekin harremanetan jartzeko direktorioak, herrialdeka sailkatuta. Interesatzen zaizkizun sektore, herrialde eta enpresa neurriak sailkatuz, zure beharretara egokitutako zerrenda bat lor dezakezu.

2. Deiak eta emailak: prestatu ezazu deiaren bidez esan nahi duzuna, eta praktikatu. Hasi deiak egiten, eta gogoratu badela esaera bat hau diona: 10 deietatik 1 bilakatzen da bezero. Beraz, ez etsi. Lehenik deitu, aurkezpen orokor bat egin, eta ondoren, informazio xeheagoa bidali emailez. Ezezkoak jasotzea ez da lan xamurra, baina, 1/10 estatistika buruan baduzu, 1 horren bila joan animotsu!!

3. Emailean atxikitzeko informazioa: prest eduki zure zerbitzuen eskuorria (pdf formatuan), eta zure aurkezpen arin bat emaileko mezuan bertan txertatzeko. Irakurterraza eta ulertzeko erraza izan daitezela bi komunikazio euskarriak.

4. Bilera deialdiari baiezkoa esaten badizu norbaitek: begiratu ondo interneten bezero horri buruzko informazioa (webgunea, datuak, etab.). Ezagutu zein diren bere zerbitzuak, lan taldea, eta izan ditzaketen beharrak identifikatu.

5. Bilera prestatu: lehenik zure burua aurkeztu, ondoren zure zerbitzuak, eta ondoren, bezeroari eman aukera bere burua eta zerbitzuak aurkezteko. Segidan elkarlanean aritzeko bururatu zaizkizun bideak azal ditzakezu. Aurreko batean jendaurrean hitz egiteko gakoez aritu ginen, horiek kontuan izatea garrantzitsua da, ez soilik hitzaldiak eman behar direnean, baizik eta banan banako bilera batean ere bai.

6. Jarraipena: ziurrenik aurrekontu bat bidaltzekotan geratuko zara. Ez utzi denbora gehiegi pasatzen aurrekontu hori bidaltzeko. Lehenbailehen bidali eta jarraipena egin (egun batzuetara deitu, irakurtzeko eta baloratzeko denbora izan duten galdetuz).

 

Jendaurrean lan egiten denean, bezero berriekiko harremana nola landu?

Dendaria bazara ala publikoaren aurrean lan egiten baduzu, arreta zerbitzu hori bera da bezero berriak egiteko landu behar duzuna. Hau da, arreta bera izango da lehen inpresioa eta bilera bera. Beraz, dendara ala kontsultara, bezero berri bat etortzean, zure burua nola aurkeztu, nola hitz egin, zure produktu ala zerbitzuaz zer esan nahi diozun, etab. ondo prestatuta izan beharko dituzu. Azken finean, profesionaltasun hori transmititu behar duzu: bazara dagoeneko, hitz egokiekin azaltzea soilik falta zaizu.

Material baliagarria:

Bezeroen jarraipena egiten laguntzeko taula bat osatuta daukagu, berau deskarga dezakezu eta praktikatzen hasi ; )

 

Modu batera ala bestera, norberak bere estiloa topatu behar du, izan ere, ondoren bezero berri horrekin eroso sentitu behar baitugu, eta hori lortzeko, norberaren bide, hitz eta euskarriak sortu behar ditugu.

Beti esaten da lan komertziala egiteko ez duela edonork balio, baina, saiatzen bagara harreman politak sortzeko gaitasuna lortzen dugu denok!

Animo beraz bide neketsu horretan!

 

Nola egin bezero berri bat?