Ekintzailetza eta auto-zaintza ez dira uztartzeko errazenak, baina, posible da.
Norbere burua zaintzea kosta egiten den zerbait da, are gehiago emakumeoi. Zailtasun horri ekintzaile izatea gehitzen badiogu, are eta gehiago zailtzen da norbere burua zaintzeko denbora · gogoa izatea. Ekintzailetza bere horretan ere zaila da, neketsua eta energia mental eta fisiko handia eskaini behar zaio.
Nahiz eta egun osoa lanean ez igaro, “guretzat” tarte bat dugunean nekatuegi gaude kirola egiteko, paseotxo bat emateko edota ordainpeko lekuren batera joateko geure buruak “zaintzera”. Hori horrela, ez da erraza bi arloak uztartzea. Baina, posible da. Batzuetan.
Kontuan izan behar dugu gu zaintzen ez bagara, gure proiektua ere ez dela zainduta egongo. Gu geroz eta deskantsatuago, mentalki argiago eta gogotsuago egon, proiektuak ere bide berri gehiago irekiko ditu eta hobeto joango da. Gu gara proiektuaren motorra, beraz, zaindu egin behar gara.
Momentu batzuetan ezinezkoa izango da. Estresa, nekea, bizitza pertsonaleko kargak, etab. pilatzen direnean nahikoa izaten dugu egunari eustearekin. Baina, garai zehatza izatetik haratago, gure eguneroko arrunta horrelakoa bilakatzen bada, gure gain dago zerbait aldatzea. Ez da erraza izango, inertzian sartuta egonik zaila izaten delako ohartzea. Baina, noizean behin gure egoeraren inguruan hausnartzea eta hobeto egon ahal izateko zer egin dezakegun pentsatzea ez dago soberan.
Gure esku dago?
Esan bezala, zaintza ekintzailetzarekin uztartzea ez da erraza, baina, gure esku dago. Beraz, har ezazu tarte bat arnasteko, nondik nora zoazen pentsatzeko, gustuko duzun musika entzunez dantzatzeko, mendira joateko, marrazteko… ondo egiten dizun horretatik gehiago egiteko, alegia.
Askotan badirudi denbora tarte luzea behar dugula zaintzeko, eta ez da zertan hala izan behar. Bizitzako etapa bakoitza desberdina da eta horren arabera, moldatzeko gaitasuna izan behar dugu. Une batzuetan, gehiago sozializatzen dugu, bestetan lanean zentratzen gara gehiago, edota familian… bizi-etapa eta momentuaren arabera, arlo batzuk edo besteek hartzen dute garrantzia gehiago. Baina, geure buruak beti zaindu behar ditugu. Hori horrela, batzuetan denbora gehiago izango dugu gustuko dugun hori egiteko, kirola eginez gorputza mugitzeko; eta bestetan, aldiz, gutxiago. Baina, gutxi izanda ere, hobe da 30 minutu hartzea zaintzeko, ez zaintzea baino.
Lehen esan dugun bezala, auto-zaintza norberarentzat desberdina da. Batzuek gauza batzuk behar dituzte ondo sentitzeko, eta beste batzuk, kontrakoa. Garrantzitsuena norberak bere burua ezagutu eta ondo sentitzeko behar duena egitea da. Ekin zure burua zaintzeari! 😉