Onintza Enbeita Maguregi 1979ko maiatzaren 19an jaio zen, Muxikan (Bizkaia). Kazetaritzan lizentziatua da, eta bi graduondoko ditu: Euskal Kulturgintzaren Transmisioa eta Agroekologia. Plazandrea da bere osotasunean: bertsolaria baita oso gaztetatik, politikaria ere goi esferetan, telebistan programa ezberdinetan parte hartzen du eta baserritarra ere badenez, azokan saltzen aritzen da.
Egiten duen guztian pasioa jartzen du, eta emozio guztiak azaleratzen ditu. Bertsotan ari denean, publikoa irabazten du, gardentasun osoz aritzen delako abesten eta baita oholtzan dagoenean ere. Emakume feminista da, eta bere hausnarketen bitartez, bide berriak irekitzeko urratsak ematen ditu: bertsoz bertso, egunkarietako artikuluz artikulu edota elkarrizketen bitartez.
Bideak irekitzea ez da erraza izan ohi, garbi izan behar baituzu aurrez zure antzekoek egin ez duten hori, edo ukatu zaien hori egiteko adorea eta konstantzia behar direla. Baina, Enbeitak 2018 urtean Bizkaiko Bertso Txapelketako txapela irabazi zuen. Eta hori lortzen zuen lehen emakumea izan zen. Hauxe da amaieran bota zuen bertsoa:
Valentin zu izan zinen
gurean lehen txapelduna,
gero etorri zen osaben ta
lehengusuen eguna.
Orain etxeko txikia
bihotza ostu eutzuna,
makila eskuan dago
erdi-negarrez tuntuna. (bis)
16 urtetik plazan
gaur lora, bihar asuna,
zuen altzoan egin naz
ni neska bat ahalduna,
sentituarazi nozue
hain etxekoa, kuttuna,
plazaz plaza bueltau nahi dot
jaso dodan maitasuna. (Bis)
Bertsoa.eus webgunean entzungai: Onintza Enbeita txapeldunaren agurra.
Enbeitak ikuspegi propioa, kritikoa eta feminista zabaltzen du bertsoaldietan, idazten dituen artikuluetan, eta hizketan. Erreferente handia da ondorengo neskentzat. Beharrezkoak ditugu gure inguruetan horrelako pertsona sentikorrak, indartsuak eta adoretsuak. Egiteko beste modu bat erakusten dutenak, hitzen bitartez argi adierazteko gai direnak, eta ekintzen bitartez jendea irabazten dutenak.
Jarrai dezazula, Onintza, gu guztion bidea argitzen, zu izaten. Plazera da zu irakurtzea, entzutea ala sentitzea.