Oztopoak egunerokoaren parte dira, bai bizitza pertsonalean eta baita ibilbide profesionalean ere. Baina, ekintzaileok, gainontzeko langileekin alderatuz gero, oztopo gehiago izan ohi ditugu.
Zergatik?
Gure proiektua martxan jartzea erabakitzen dugunean, ez dugu soilik dakigun hori egiten. Gure abileziez gain, proiektua martxan egon dadin beharrezkoak izaten diren beste gauza ugari ere egin behar izaten ditugu.
Adibidez, komunikazioarekin lotutako proiektu bat ekiten duenak, komunikazioaz jakingo du. Ziurrenik ikasketak ere izango ditu gaiaren inguruan eta askotan baita beste enpresa batzuetan aurretiko esperientzia ere. Baino, ez du zertan administrazioan, bezeroen kudeaketan, bileren kudeaketa eta antolaketan, telefono arretan, etab. esperientziarik izan. Hala ere, hori guztia (eta gehiago) ere ikasi beharko ditu bere proiektuak aurrera egitea nahi badu.
Enpresa batean lanean dabilenak, aldiz, bere lanarekin lotutako oztopoak izango ditu, baino, ez ditu beste profilekin lotutako lan eta oztopoak izango.
Horrek desberdintzen gaitu, besteak beste. Ekintzaileok denetik egiten ikasi behar dugu, hasieran behintzat. Etorkizunean, proiektuak martxa hartzen duenean, lanetako batzuk beharbada ordaintzeko gaitasuna izango dugu eta beste enpresa edo ekintzaileren batek egingo dizkigu horietako batzuk. Une hori iritsi bitartean, ordea, guk egin beharko ditugu eta horrek oztopo ugariri aurre egin behar izatea dakar.
Hori dela eta, oztopoak oztopo moduan ikusi beharrean, aukera edo erronka moduan ikustera animatzen zaituztegu. Ez da beti posible izango eta ez da erraza izango, noski; baino, ikuspegia aldatzen lagunduko digu. Oztopoak daukan karga negatiboa kenduko diogu, aukerak edota erronkak daukan karga “positiboagoren” truke. Horrek, gure jarrera ere aldatzen lagunduko digu; ez baita gauza bera oztopo bat gailentzea edo erronka bat lortzea, ezta? Mentalki aldaketa bat dago egin beharreko hori ulertzeko moduan.
Pertsonak gara eta beti ez gara indar eta jarrera berarekin egongo, beraz, batzuetan baliteke gogoz heltzea erronkei eta beste batzuetan, aldapan gora egingo zaizkigu. Ohikoa da, denoi gertatzen zaigu.
Zuk, zein eratan aurre egiten diezu oztopoei? 😉