Ekintzailetzan oztopoak gainditzea eguneroko lana da. Zuk, nola egiten diezu aurre?
Oztopoak gainditu behar izaten dira ekintzailetzan, guk nahi genukeena baino maiztasun handiagoarekin. Baina, hala da eta onartzea baino modu hoberik ez dago aurrera egin ahal izateko, ezta?
Ekin genuenean, ez genuen uste hainbeste oztopo eta hain maiz gainditu beharko genituenik egunerokoan, urtez urte. Baina hala izaten ari da. Oztopoak gainditzeko gure modua, erronka formatua ematea izan da. Hau da, geure buruetan oztopo bezala baino, erronka bezala irudikatzea une horretan aurre egin beharrekoa. Tontakeria dirudien arren, guri behintzat lagungarria izan zaigu. Negatiboan ulertu beharrean gertatzen ari dena, erronka moduan, lortu beharreko zerbait bezala ulertu izan dugunean, gure ikuspegia ere aldatu egin da eta beste jarrera batekin aurre egin izan diogu oztopo/erronkari.
Ez da erraza eta ez dugu beti lortu izan. Azken finean, gu geu ere ez baikaude egunero indar berarekin. Batzuetan dena erraz ikusten da, norbera ere indartsu sentitzen delako; eta beste batzuetan, aldiz, oztopo txikiena ere handi bilakatzen da. Denoi gertatzen zaigu hori, bai lanean, baita bizitza pertsonalean ere.
Gainera, kontuan izan behar dugu ekiten dugunean, bizitza pertsonala eta profesionalaren arteko muga difuminatu egiten dela eta zailagoa dela bereizketa egitea. Azken finean, gure proiektua da eta dena era pertsonalagoan hartzen dugu. Hori horrela dela jakinik, pertsonak garenez, beti indar berarekin egongo ez garela gogoratuz, geure buruak zigortu gabe; baina, ahal den neurrian, oztopoei indarrez aurre egitea komeni zaigu. Ekintzailetzan, gauza asko egin beharko ditugu, batzuk aurrez ere badakizkigunak, eta sorpresaz sortuko zaizkigun eta gai horietaz jakin ez arren, aurre egin beharko diegun beste hainbeste. Beraz, ahal dela, jarrera egokiarekin eta une horietan ditugun indarrak eta energia erabiliz, aurre egitea egokituko zaigu. Gogoratu, bide hau luzea da eta gorabeherak izatea ohikoa da; garrantzitsuena, pixkanaka bada ere, aurrera egitea da.
Eutsi gogor urte hasierari eta datozen oztopoei!