2020a zenbaki borobila izateaz gain, pandemiak ilundutako urtea da. Gure bizitzak eta proiektuak hankaz gora jarri ditu eta egoera ezezagun askori aurre egin behar izan diegu eguneroko arraro honetan.
Urte hasieran bai sare sozialetan eta baita lanean eta bestelako eremuetan ere elkarrizketa ugari izan genituen 2020ak ekarriko zituen gauza “on” guztien inguruan. Zenbaki borobila eta polita izanik, ziur primeran joango zela eta amesten aritu ginen denok. Baina, martxoa iritsi zen eta baita pandemia batek eragindako itxialdia ere.
Hori bai ez zegoela inoren planetan! Eta orain… zer? Etxetik lan egin dezakegunok zortea izan genuen, hala moduz, baina aurrera egiteko aukera izan genuelako. Baina, fisikoki lanean bertan egon behar izan diren ekintzaileak zer? Horiek nola egingo dute?
Zalantza ugari izan genituen hasieran eta izaten jarraitzen dugu urte amaieran ere. Badirudi egoera hau ez dela berehalakoan amaituko eta gure proiektuek ezin dute itxoin, aurrera egin behar dute. Gure denbora, ilusioa, ahalmen ekonomiko eta emozionalak eskaini dizkiegu gure proiektuei eta hauek itxi edo bertan behera uztea oso gogorra da. Batzuek, ziurrenik, hori egin behar izan duzue eta beste batzuek aurrera egiteko aukera izango zenuten. Edonola ere, zorionak 2020 honi aurrez begiratu eta hartu beharreko erabakiak hartzeko indarra eta kemena izateagatik.
2020a ekonomiko urte zaila izateaz gain, emozionalki ere ez da erraza izan ezjakintasunari, itxialdiari, distantziari, isolamenduari aurre egitea, beraz, zorionak ekintzaile guztiei!
Saretzea, ezinbesteko baliabidea pandemia garaian
Saretzea baliabide garrantzitsua da beti, baina, are gehiago egoera zailetan. Beraz, balora ditzagun inguruan ditugun denda txikiak, ekintzaileen proiektuak, jasangarritasuna garatzen dutenak, etab. denon artean, gure ingurunea zainduz, gure herri eta hiriak bizirik mantentzea lortuko dugulako. Jo dezagun txikitik handitasunera.
Ea datorren urteak aukera berriak eta bide errazagoak dakartzan. Bitartean, lanean segiko dugu bestelako enpresa ereduen alde.