Ekintzaile garenean, dena ondo egitea lehen premisa dela dirudi, ez garela pertsonak, perfektuak baizik. Sentitzen dugu, baina, gezurra da: gure ere pertsonak gara eta erratu egiten gara.
Ekintzaileak gara, bai; gure proiektuaren zama kudeatzen ikasi behar dugu, bai; ilusioak une batetik bestera zapuzten zaizkigu telefono dei edo email baten ondorioz, bai; besteek akatsak egin ditzakete, baina guk ez, bestela proiektua pikutara joango da, EZ. Hori ez da hala eta benetan sinetsi behar dugu.
Akats hori era egokian kudeatzeko gai bagara, aurrera egingo dugu, nola ez! Ziurrenik batek baino gehiagok pentsatuko du exageratzen ari garela dena perfektu egin nahi diogula diogunean, baina, orokorrean hala izaten da. Akatsak egiten ditugunean errudun sentitzen gara eta gure lan egiteko era zalantzan jarri ohi dugu, hala behar ez luken arren. Berez kontziente garen arren pertsonak garen aldetik, akatsak egiten ditugula eta hori normala dela, gure barnean ez dugu hori sentitzen akatsak egiten ditugunean. Autoexigentzia maila altuaren eragina da hori eta emakumeok gizonezkoek baino gehiago sufritzen dugu, zoritxarrez. Naturala ez den joera, kulturala baizik. Hori sakonki aztertzeko lekua hau ez den arren, sarean baduzue horren inguruko informazioa.
Nahikoa dugu proiektu edo enpresa bat martxan jartzeak eragiten duen urduritasun, presio eta zamarekin, gainera dena perfektu egiteko zama jartzen badiegu geure buruei. Bai, badakigu ez dela erraza gure akatsak onartzea, baina goiz ala beranduago ikasi behar izaten dugu. Langile finak izan arren, antolatuak, lana ondo egitea gustatuta ere, akatsak egitea ohikoa da eta onartu behar dugu.
Ekintzaileak ez gara perfektuak, pertsonak gara
Zoritxarrez, ekintzaileok egiten ditugun akatsek gure enpresari eragin diezaiokete. Hau da, bezero bat gal genezake, irudi txarra eman, etab. eta zama hori ez da eramaten erraza. Hori dela eta, dena perfektu egitera jotzen dugu eta akatsen bat egiten dugunean geure buruak zigortzen ditugu eta drama bat sortzen dugu horrekin. Normalean ez da hainbesterako izaten eta bezeroarekin gertatutakoaz hitz eginez gero eta beste irtenbide batzuk emanez konpondu ohi dira horrelakoak. Gainera, lehenik eta behin gure burua baloratu behar dugu eta BENETAN ohartu ezinezkoa dela DENA perfektu egitea.
Horrek normalean besteen onarpenarekin du lotura, psikologiarekin, alegia, eta gu ez gara psikologoak. Baina, bai, ohartu gara, geure buruei beste edonori baino askoz gehiago exigitzen diegula eta une batzuetan jasangaitza izatera iritsi dela. Momentu horietatik aurrera ikasi dugula gure lana ahalik eta hoberen egiten, baina, akatsak onartzen. Min egiten du akatsak onartzeak, baina, buruan sartu diguten “perfekzionismoaren” definizioa alde batera utzi eta pertsona erreal eta benetakoak garela onartzera iritsi gara. Erraza dirudien arren, ez da lan makala izan!
Teoriaz haratago praktikara eramatea gaurkoan dioguna ez da erraza, baina, bizirauteko beharrekoa.