1867 urtean jaio zen Plazida Otaño bertsolaria, emakume adoretsua. Ideiak argi zituela ondorioztatzen dugu, bere bizitzako pasarte ezberdinetan bota zituen bertsoengatik. Izan ere, jakina da, historikoki emakumeei ukatu egin zaiela plaza publikoan gizonek izan dituzten eskubideez baliatzea, eta bertsolari izanda ere, zailtasunak izan zituen bere ibilbidea modu naturalean garatzeko. Hala ere, Plazadiren aita eta osaba bertsolari izanik, etxe giroan bertsotan aritzen zela jasoa dago, eta osabari egin zitzaion omenaldi bat medio, 84 urterekin lehen aldiz jendaurrean abesteko aukera izan zuen.

Gaztetatik egiten zuen bertsotan, baina, 84 urte arte ez zuen plaza publikoan bertsotan aritzeko aukerarik izan; eta hori ere, bere osabaren omenaldian izan zen. Hau da, omenaldiko parte hartzaile gisa aritu zela, eta ez aitortutako bertsolari gisa.

Euskararen transmisioa:

Bat-bateko bertsolaritza euskararen transmisioan eta normalizazioan garrantzizkoa izan da, eta historikoki aisialdian edota plaza publikoan lekua eta jendearen onespena izateak, euskara erdigunean jartzea eta baloratzea suposatzen zuen. Euskalgintzako emakume erreferentetzat daukagu Plazida, eta emakume izateagatik jasan behar izan zuen bazterketa jasan izan ez balu, ziur gara, bere garaiko gizon bertsolarien pare iritsiko zela gure iruditegira.

Jasotako bertso batzuk:

Horrela erantzun zion Txirritari, jasota ez dagoen urte batean, Plazida larrean lanean ari zela:

Txirrita:

Gauz bat esango dizut
modu ondraduan,
noski ez naiz hasiko
hemen endreduan.
Nonbait egongo zara
aldarte eruan,
gaur horla zabiltzanean
udako beruan,
ez da atsegin izango
zure inguruan.

Plazida Otaño: 

Arrazoi horrek badu
bere parezera,
konprenituko dezu
mutila bazera.
Udarako beruaz
kejatzen al zera?
Lana hortan badezu
egiten atzera,
fraile sartu zintezke
komentu batera.

 

Argazkiaren iturria: Argia. 

 

Plazida Otaño bertsolaria
Tagged on: