Proiektua noiz arte izango dugu martxan? Sortzen dugunetik, gure lan egiteko unea amaitu arte martxan izatea lortuko al dugu? Hala izatea nahi al dugu?
Ekintzailetzak irauten duen bidea laburra edo luzea izan daiteke eta hori beti ez da gure esku egongo, zoritxarrez. Beste proiektu batean murgildu nahi dugulako proiektua etetea erabakitzen dugunean, pozgarria izan daiteke momentu hori. Edota, asko betetzen gaituen lan aukera bat suertatzen bazaigu ere, amaiera polita eman diezaiokegu gure ekintzaile bideari. Baina… egoerak behartuta eteten dugunean gure proiektuaren martxa? Hori zailagoa da maneiatzeko. Noiz itxiko dugu denda/bulegoa? Noiz hartuko dugu erabakia? Ohikoa izaten da egoera zaila ahalik eta gehien mantentzea, egoera hobetuko denaren esperantzaz. Batzuetan, zorionez, egoera ekonomiko/emozional/pertsonal zail hori aldatzen da eta proiektuak aurrera egitea lortzen dugu; baina, beste askotan ez da hala izaten.
Azken horietan oso zaila izaten da noiz eten erabakitzea. Ziurrenik emozionalki ez gara prest egongo, sentimendu ugari sorraraziko dizkigu erabaki hori hartzeak (frustrazioa, inpotentzia, pena, kulpa, etab.) eta batzuetan, kanpoko laguntza beharko dugu. Baina, momentu horietan bizitako eta eskainitako guztia balorean jartzea garrantzitsua da, etapa era egokian itxi ahal izateko. Ohikoa izaten da lau gertakari on eta txar bat bizitzen dugunean, txarrarekin soilik geratzea edota bezeroen bost iruzkin positibo eta negatibo baten artean, azkenarekin geratzea. Batzuetan autokritika egiteko modua izan daitekeen arren, hobetzeko dugun hori zer den jakin eta aldatzea; gehienetan geure buruak errudun sentitu eta gauzak ondo egiteko gai ez garela sinestarazteko izan ohi da. Beraz, garrantzitsua da egindako gauza onak, jasotako iruzkin positiboak, burututako proiektu eta lanak balorean jartzea. Proiektuak guk uste baino lehenago amaitu behar ditugunetan ere, orduan beharbada beste une batzuetan baino garrantzitsuagoa da.
Zu halako egoera batean bazaude, animo, hartu beharrezkoa duzun denbora gauzak pentsatu eta azken erabakia hartzeko. Baina, batez ere, baloratu proiektua sortu eta aurrera eramateko izan duzun ausardia, oztopoei aurre egin izana eta gaur arte proiektua mantendu izana. Ate hau ixteak, beste hainbat ireki diezazkizula!