Ekitea erabakitzen dugunean, lan burokratikoen inguruko zalantzez gain, lanari ekiteko orduan zer behar dugun ere ez dugu jakiten askotan. Zer da beharrezkoa hasteko?
Lehenik eta behin, gure proiektua zein sektoretan dagoen kontuan izan behar dugu eta horren arabera ikusi zer den beharrezkoa eta zer ez. Adibidez, teknologia berriak lantzen dituen enpresa bat bagara, webgunea izan beharko dugu; aldiz, denda txiki bat izanik, beharbada sare sozialekin nahikoa dugu, edo ez. Ondo baloratu behar dugu gure lana erraztuko duten baliabideak zeintzuk izango diren eta baita kanpora begira zabaltzeko zein euskarri (online eta offline) erabiliko ditugun ere.
Hasieran, zer da beharrezkoena?
- Izena eta irudia barnebilduko dituen logotipoa, gerora sortuko ditugun euskarri guztietan -papeleria, webgunea, sare sozialak, bisita txartelak, etab.- agertuko dena. Gure proiektuari izaera emango dio eta gerora landuko dugun zabalkunderako ezinbestekoa da.
- Gure zerbitzuak ezagutarazteko eskuorri edo flyer bat. Era honetan, gure dendara edo bulegora datorrenari gure zerbitzuen berri eman ahal izango diogu era erraz eta laburrean. Bestetik, egiten ditugun bilera eta promozio lanetan ere erabili ahal izango dugu.
- Gaur egun sare sozialetan egotea ezinbestekoa da. Hala ere, ondo pentsatu behar dugu zein sare sozial sortu, ez da beharrezkoa denetan egotea. Sare sozialak egunerokoan elikatu behar dira, era egokian kudeatu nahi baditugu behintzat. Hau da, denbora eskaini behar diegu eta askotan ez dugu denbora gehiegi izaten. Beraz, garrantzitsua da zein sare sozial erabiliko dugun erabakitzea -sare sozial bakoitzaren funtzionamendua, targeta, hizketa, etab. desberdinak dira- eta horretarako pentsatu beharko dugu gure targeta edo iritsi nahi dugun pertsona taldea non dabilen gehien.
- Emaila. Email kontu bat izatea, pertsonala izango ez dena, ezinbestekoa da gure proiektuari profesionaltasuna emateko. Horretaz gain, bizitza pertsonala eta profesionala banatzeko lagungarria da.
- Telefono zenbakia. Emailarekin bezalaxe, bizitza pertsonala eta profesionala ez nahasteko: asteburuan edo lanetik irten ostean laneko deirik ez jasotzeko, telefono zenbaki berri bat eskuratu beharko dugu. Gaur egun mobil askok bi txartel sartzeko aukera ematen dute, beraz, hasieran ez da beharrezkoa mobil bat erostea, baina pertsonalaz gain, beste telefono zenbaki bat izatea laneko kontuetarako bai.
Hasteko esandako puntuak lantzea garrantzitsua da. Datozen postetan joango gara baliabide zehatzak aztertzen zuen egunerokoa era errazagoan antolatu ahal izateko. Eutsi lanari!