Ekionen eskainitako tarte honen aurreko sarreratxoan edoskitzaroaz eta lana uztartzeko gako praktikoez aritu nintzen; gaurkoan saretzearen garrantziaz hitz egingo dut.
Ekintzailetasunaren eta amatasunaren inguruan hausnarketa eta gakoak partekatzen izan nauzue aurreko sarreretan eta gaur niretzat ezinbestekoa den giltzarriari heldu nahi diot.
Ekintzailetza ez da bide erraza. Zeure proiektua eta gaitasunak paregabeak izan badaitezke ere, proiektua eraginkorra bihurtzeko faktoreak oso anitzak dira eta blog honetan bertan horien inguruan informazio oso baliotsua topatuko duzu. Bakarrik ekiteak gainera motxilan pisu gehiago, ardura gehiago dakar.
Saretzearen garrantzia
Ekintzailetzak dakarren karga emozionala handia da eta arnasguneak eta sarea ezinbesteko bihurtzen dira. Nahiz eta zure lan bera egin ez, edo egiten duzuna ondo ulertu ez, ekintzailetzaren abenturan dabiltzan beste emakume batzuekin babes-sarea, inguru segurua izatea, egun txarrak arintzeko edo burua apur bat deskonektatzeko sarea.
Amatasunak zentzu askotan ekintzailetzarekin parekatzeko aukera eskaintzen du. Ardura asko, anitzak, burua ezin erabat deskonektatu, denborak ihes egiten dizunaren sentipena, nekea… emozioen hurakana azken batean. Eta amatasuna bakarrik, antzeko bizipenetan dauden beste emakume batzuekin partekatzeko espaziorik gabe, are gogorragoa da. Sarea ezinbestekoa.
Amatasuna eta ekintzailetza batuz
Eta amatasuna eta ekintzailetza batuz gero, sare egokia ia-ia arnasa hartzea bezain garrantzitsua da. Lana egiteko modu desberdina eta zaintzak dakarren motxila lasai zabaltzeko guneak izatea lehentasunen zerrendan kokatu.
Baliteke, bai amatasunaren lehen hilabeteetan zein ekintzailetzaren lehen hilabeteetan energia edo gogo gutxi izatea harreman sozialei eskaintzeko; zure saretzat zenituen pertsona edo esparruetan dagoeneko ez eroso sentitzea; beste hizkuntza bat hitz egitearen sentipena izatea…
Ez ahaztu: zorionez orain sarea behatzaren mugimendu bakarrera topa daiteke. Izan daiteke sare sozial bateko talde batean “ezagututako” emakumea, edo aspaldi ikusi gabeko formazio hartako emakumea… izan liteke inoiz espero ez zenukeen pertsonek osaturiko sarea. Behar izan ditzakezu sare desberdinak…
Zure proiektua zaintzeko, zaintza osasuntsua bizitzeko, zure buruari ere sarea eskaini.
Bidea ez da erraza, baina bidegurutzeetan alboan izango dituzun emakumeekin poz zein hanka sartzeak ederragoak izango dira.