Norbere proiektua gauzatu ahal izateko, ideia berriak izan eta praktikan jartzea eguneroko lana da eta horrek sormen krisiak eragin ditzake. Ekintzaileak sortzailea behar du izan eta hori pisu handia da egunerokorako.
Sormen krisiak artearen munduan dabiltzan pertsonekin lotu izan ditugu: idazleak, pintoreak, ilustratzaileak, diseinatzaileak, etab.; beren lanagatik sortzera “behartuta” dauden pertsonak, alegia. Baina, ekintzaileok ere izaten ditugu sormen krisiak, gure lanak sortzaileak izan ala ez.
Hau da, arropa denda bat duen ekintzaileak une oro pentsatu beharko du nola apaindu erakuslehioa, lan komertziala nola bultzatu jendea bere dendara sar dadin, eskaintzak noiz eta nola egin, etab. Hori ere sormena da eta hor ere krisiak egon ohi dira, normala den bezala.
Sormen krisiak, sortzaileek izaten dituzte
Lehenik eta behin kontuan izan behar dugu ekintzaileok dugun zama kudeatzen ikasi behar dugula. Gure proiektua martxan jartzea oso pozgarria da, bai, baina baita nekeza ere. Proiektua gure izate horrek inplikazioa asko handitzen du eta gaizki badoa edo guk sentsazio hori badugu, norbaiten langile izanda baino askoz gehiago sufritzen dugu.
Egoera horrek eraginda, une oro ibili behar gara gauza berriak pentsatzen, gure lan eremua edozein izanik ere. Gure zerbitzuak berritzen, eguneratzen, hobetzen, kanpo irudia egokitzen, etab. ari gara eta une batzuetan neketsua izan daiteke. Gure “benetako” lanean -hau da, arropa saltzea, formakuntzak prestatu eta eskaintzea, diseinuak lantzea, baratza lantzea, etab.- gabiltzanean neketsua da ekintzaile izanik nahi adina saltzen ez dugula edota hilabete bukaeran zorrak ditugula ikustea. Hori dela eta, gure lana egitea ere zaila den momentu txar horietan sortzeko ideiak izatea jada, gehiegizkoa izaten da. Baina, maiz diogun moduan, ekintzaileak bere lan edo pasioaz gain, beste hainbat kontu kudeatzen ikasi behar du.
Txinatarrek krisia deskribatzen dutenean “arriskua” eta “aukera”, bi hitz horiekin azaltzen dute. Eta krisia hain zuzen hori da, arriskua egon ohi da, baina baita gauzak beste era batera egiteko aukerak ere. Dena ondo doanean, konfort zona horretan gustura sentitzen gara eta horretaz goxatzen dugu, merezita gainera; baina, hain ondo ez doanean ideia berriak lantzen ditugu, beharrezkoa delako noizean behin gure proiektua freskatu eta eguneratzea. Krisi uneak horretarako egokiak izaten dira, orduan kuestionatzen baititugu gure lan mota, kudeaketa, komertzial lan eta bestelakoak, konfort zonatik aterarazten gaituzte krisiek. Beraz, aukerei erreparatzeko uneak dira, gure lanagatik sentitzen dugun pasioarekin jarraitu eta bide berriak irekitzeko.
Beraz, lasai, denok ditugu sormen krisiak eta horiek ere aukera bezala ikusten baditugu, beste era batera aurre egingo diegu une zail horiei. Lana ondo eginez gero, goizago ala beranduago helburuak lortuko dituzu, ziur, baina, pazientzia izan behar da.
Animo ekintzaile-sortzaile izatera ausartzeagatik! Pantailaren bestaldetik sormen krisi horietatik ikastera animatzen zaitugu 😉