Testuinguru desegonkorra, zalantzak… eta gure ekintzaile ibilbidea?

Galdera ikurrak amaiezinak dira. Egoera ere hala egiten ari zaigu denoi. Eta gure enpresa eta elkarte txikiak? Non daude? Ezin gara ahaztu enpresak pertsonok osatzen ditugula. Gure buruak zaintzen ez baditugu, gure bizi proiektuek ere ezingo dute biziraun.

Nola zaindu, baina? Nola aurre egin testuinguru desegonkor eta zalantzati honi? Osasun mentalaz inoiz baino gehiago eta zabalago hitz egiten den arren, gaiari merezi duen bezala heldu al zaio sozialki? Ezetz esango genuke.

Maiz esan ohi dugun moduan, gu geu ondo egon behar gara gure proiektuek ere osasuntsu jarrai dezaten

Denda bat duenak, adibidez, nola egingo dio aurre egoera honi hornitzaileei zer eskatu ere ez dakienean? Salmenta kopuruak kalkulatzea hain zaila izanik, krisi ekonomiko eta osasun arloko honek eragiten dituen zalantzekin jendea ez da erostera animatzen. Bestetik, formakuntzak eskaintzen dituen ekintzaile batek, nola aurreikusiko ditu datozen hilabeteak, une batetik bestera covid-a dela eta saioak bertan behera geratu daitezkeenean, eta horrekin batera, diru sarrera hori gabe geratuko denean. Formakuntza aurrerago beharbada eskainiko du, baina, jada bere aurreikuspenetik at geratuko da eta arazo larriak izan ditzake aurrera egiteko. Desengonkortasun horrekin elkarbizitza partekatzea oso zaila da ekintzaile eta enpresa txikientzat, aurreikuspenetarako hain aukera txikiak dituztenean. Azken hauek adibide batzuk besterik ez dira, ziur zuek ere egunerokoan bizi dituzuela zuen proiektuekin lotutako egoera antzekoak.

Badirudi desegonkortasuna geratzeko heldu dela, beraz, honekin bizitzera behartuta gaudela, epe ertainera behintzat. Hori dela eta, gure osasun mentala zaintzeko moduetako bat da gure proiektuak ere zaintzea, gure buruei balorea ematea eta ahal dugun ondoen aurre egitea egoerari. Desegonkortasuna kudeatzea ezinezkoa egiten bazaigu, proiektua bertan behera uztea edo aldi baterako beste lanen bat bilatzea aukera bat izan daiteke. Proiektura heltzeak gure egoera oraindik gehiago okertzera bideratu behar bagaitu, ez da bide egokia izango. Borrokatzea ondo dago eta egoera honek ere horretara bideratzen gaitu, ez gara lehen oztopoarekin kikilduko, baina, gure buruak zaintzea ere bada balorazio erreal bat egitea.

Pixkanaka aurrera egiten ari zaretela espero dugu eta zuen ilusio eta gogoak bizirautea! Eutsi gogor!

Testuinguru desegonkorrari erantzunez