Udako buelta jada egin dugu, iraila ia amaitu da; eta ze luze egiten den gehienetan, ezta?

Oporren buelta, errutinara itzulera, erdizka geratu ziren proiektuak berriz martxan jarri eta berriak abiatzea. Iraila, askorentzat, hasieren hilabetea da, urtarrila baino gehiago.

Ilusioz eta gogoz hasi ohi dugu itzulera hau gurean, baina, luze ere egin ohi zaigu hilabetea bere osotasunean. Dena hasteko zain bezala egotearen sentsazioa izan ohi dugu batzuetan, eta besteetan ezin iritsi gabiltzala… Ohikoa da.

Zuek, nola bizi duzue udako bueltako erritmo hartze hau? Baduzue lan egiteko edo itzulera horretara bueltatzeko modu zehatzen bat; edo ahal duzuen eran egiten duzue, besterik gabe?

Guk, normalean, oporren aurretik egutegian idatzita uzten ditugu erdizka geratu diren deiak/proiektuak/mezuak… era horretan, guztiz deskonektatu arren (hori izaten da oporren helburua ;)), bulegora itzuli eta agenda begiratu orduko egunean jartzen gara pendiente geratu zirenekin. Horretaz gain, iraila momentu ona izan ohi da proiektu berriak abiatzeko, bezero berriak lortzeko eta aire berriekin hasteko ikasturtea. Hori horrela izanik, lan komertziala ere egin ohi dugu udatik bueltan, denon ilusio eta gogo hori aprobetxatuz.

Hori gutxi balitz, gure buruak zaintzeko unea ere izan ohi da, errutinara itzultzearekin batera. Kirola, lagunartea, familia… udako oporraldiaren ostean, gogoa izaten dugu egunerokoari jarraiki gure ingurukoekin elkartu, kirola egin eta egunerokoari indartsu heltzeko; bai fisikoki eta bai mentalki geure buruak zainduz. Norberak bere moduak ditu, denoi ez baitigute ekintza eta modu berek on egiten, beraz, norberari on egiten diona zer den jakitea garrantzitsua da, horretara bueltatzeko halako “hasieretan”.

Eta zuek, nola aurre egin ohi duzue hasierez jositako irailari?

Udako bueltako erritmo hartzea