Uztailera iritsi gara. Udan gaude jadanik eta horrekin batera, oporrak iristear dira, agian?
Uztailera iritsi gara eta horrekin batera, heldu da urte erdiko hausnarketa egiteko momentua. Lan batzuk ikasturtearen arabera antolatzen dira, beste batzuk urte naturalaren arabera. Baina, argi dagoena da, udak bai pertsonalki eta baita profesionalki ere, gure buruetan eten natural bat dakarrela. Uda hasten da, udarekin batera lan erritmoa sektore askotan jaitsi egiten da, beste batzuetan, aldiz -ostalaritza eta turismoan, kasu-, igo. Baina, alde batetik edo bestetik, aldaketa bat dakar.
Eguneroko erritmo bizkorra eten, pentsatu eta aurrera jarraitzeko bide posibleen inguruan erabakiak hartzeko momentu egokia izan daiteke.
Galdera batzuk geure buruei egitea lagungarri izaten da halakoetan:
- Lehen bi hiruhilekoak nola joan dira? Lan asko izan dugu? Gutxi? Bezeroak mantentzea lortu dugu? Berriak iritsi zaizkigu? Galdera horien erantzunak eta arrazoi posibleak pentsatzea baliagarria izango zaigu, bai udari eta baita udatik bueltari beste aldarte batekin ekiteko. Hausnarketa horrek ere lagun diezaguke oporrak hartzeko edo ez hartzeko erabakia hartzen, adibidez.
- Askorentzat uda izaten da oporrak hartzeko momentua, bezero eta hornitzaile gehienek ere orduan hartzen dituztelako, eta guk, ekintzaile moduan, moldatu egin behar izaten dugulako horrelakoetan, ezta? Baina, sektorearen arabera, baliteke udan baino, hobe izatea, adibidez, urrian hartzea opor batzuk.
- Udatik bueltan, zeintzuk dira lehentasunak proiektuak aurrera egin dezan? Zeri heldu beharko genioke urte amaierara modu egokian iritsi ahal izateko?
- Elkarlanen bat egin dugu urte honetan? Hala bada, nola baloratzen dugu? Etorkizunean gehiago egiteko nahia piztu digu? Elkarlanik egin ez badugu beste inorekin, hori nahi dugu etorkizunerako? Saiatu nahi dugu proiekturen bat elkarlanean lantzen?
- Ekintzaileen sareren batean egoteko beharra somatu al dugu? Edota jadanik sare baten partaide bagara, nola baloratzen dugu bertan daramagun denbora?
- Euskara ala berdintasun planen bat egiteko beharra somatu dugu?
Eta zuk, horrelako tarteak hartzen al dituzu? Ohitura duzu edo eguneroko erritmoa mantentzearekin nahiko lan duzu? Edonola ere, eutsi goiari eta goxatu udaz!